Lesio eta guzti ere, Eneko Diezek brontzezko domina irabazi du Madrilgo jiu-jitsu txapelketan

Anboto 2022ko eka. 11a, 10:00

Eneko Diez erdian Madrilgo podiumean.

Meritu handiko domina da lehenengo borrokalditik lesionatuta aritu zela kontuan hartuta.

Jiu-jitsuaren arloko Saudi Arabiako erakunde batek txapelketa bat antolatu zuen Madrilen, joan zen asteburuan. Goi mailako parte hartzaileen artean Eneko Diez durangarra aritu zen eta brontzezko domina irabazi zuen bere pisuan.

Meritu handiko domina da lehenengo borrokalditik lesionatuta aritu zela kontuan hartuta. "Saihets inguruko muskulu batean min hartu nuen. Urguiluagatik jarraitu nuen", adierazi du. Gainera, txapelketako arauak horrelakoak zirelako, bera baino pisu handiagoko aurkarien kontra aritu behar izan zuen.

Ez doa munduko txapelketara

Urte hasieran, ekainean Los Angelesen (AEB) lehiatuko den munduko txapelketara joateko asmoa zuen, baina azkenean asmoa atzeratzea erabaki du. "Aurten gerriko urdinean lehiatuko nuke. Datorren urtean, berriz, gerriko morean aritu ahalko naiz. Moreak prestigio handiagoa du. Joan-etorria diru asko dela eta orain hemen inguruan hainbat txapelketa ditudala kontuan hartuta, datorren urtera arte itxarotea erabaki dugu", azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!