Jiu-jitsua ez da diziplina ezaguna eskualdean. Madrilen garatuago dago?
Espainian oraindino bide handia dago egiteko kirol honen inguruan, baina, bai, Madrilen estatuko beste tokirik gehienetan baino pisu handiagoa du.
Giro horretan entrenatzeak zure maila hobetzen lagundu duela uste duzu?
Egia esan, bai. Euren bizitza jiu-jitsuari eman dioten oso entrenatzaile onak ditut. Euretariko bat brasildarra da, mundu osotik ibili da, eta jiu-jitsuko eminentziarik handienak ezagutu ditu. Hori guztia eguneroko lanera transmititzen da. Detailerik txikiena ere lantzen dugu. Egia esanda, oso pozik nago. Hasieratik arreta eta esperantza ipini dituzte nigan. Dohainak ditudala ikusi dute eta euren proiektu pertsonal modura hartu naute. Oso itxura ona dudala diote. Taldera batu eta hile bira horrelako gauzak entzuteak aurrera jarraitzeko indarra ematen dizu.
Sentitzen duzu besteen itxaropena betetzeko presiorik?
Tira, gauzak lasai hartuko ditut. Badakit bide luzea dena; pertsonak gara, akatsak kiroleko parte dira eta haietatik ikastea da kontua. Bide honetan jarraitzen badut, badakit lehenago edo geroago emaitzak helduko direna. Judoan dudan esperientzia ere lagungarria izango zaidala uste dut.
Durango Judo Taldean ibili zara urte askoan. Alde handia dago judotik jiu-jitsura?
Jiu-jitsuan abaniko zabalagoa dago, judoko araudia apur bat hertsiagoa delako. Baina oinarrizko kontzeptuetan antzekotasunak dituzte eta horrek asko lagundu dit. Ez naiz zerotik hasi. Alde horretatik, eskerrak eman gura dizkiot Durango Judo Taldean entrenatzaile izan dudan Iñaki Salasi. Umetatik lagundu dit eta gaur naizenaren parte da.
Egon da sailkapen faserik Europako txapelketan parte hartzeko?
Ez, izen-ematea irekia zen. Baina izen-ematea ez da merkea eta bidaiako gastuak eta abar kontuan hartuta, txapelketa ona egiteko esperantza dutenek baino ez dute ematen izena. Hau da, maila handiko kirolariak batu ditu. Europako txapelketarik prestigiotsuena da.
Bosgarren tokiak zure itxaropenak gainditu ditu?
Oso pozik nago emaitzagaz. Neure buruari esaten nion maila ona emango nuela, baina beti sortzen dira dudak, eta ez nekien zer itxaron. Brasildar bati eta ingeles bati irabazi nien eta final-laurdenetan gerora txapeldun geratuko zenaren kontra galdu nuen. Akats batzuk egin nituen eta euretatik ikasi behar dut. Aurkari hori tokatu ez balitzait, podiumerako borrokan egon nintekeela uste dut.
Zer erronka dituzu aurrera begira?
Dena ondo badoa eta lesiorik ez badut, ekainean Los Angelesen (Kalifornia, AEB) lehiatuko den munduko txapelketara joango naiz. Etorkizunean etorriko diren erronka denei aurre egiteko gogotsu nago.
Jiu-jitsua kirol olinpikoa izatera heldu daitekeela uste duzu, karatearen eta judoaren moduan?
Bai, dudarik barik. Are gehiago, erakundeetan eztabaidatzen dabiltzan zerbait da. Estrategia eta alderdi fisikoa uztartzen dituen kirol aberatsa da eta karatearen, judoaren eta olinpikoak diren gainerako kontaktu kirolen mailan egotea merezi du.
Arte martzial mistoen enpresarik handienean, UFCn, borrokalari askok erabiltzen dituzte jiu-jitsu teknikak.
Ez dut uste gaur egun inor kaiolan sartzen denik jiu-jitsuko nozio batzuk, gutxienez, izan barik. UFCren sorreragaz ere badu lotura arte martzial mota honek. Brasilgo jiu-jitsua asmatu zuen oinordeko batek sortu zuen UFCa. Hasieran, borrokalariak diziplina bakarrean ziren adituak, boxeolariak boxean eta horrela. Baina laster konturatu ziren jiu-jitsurik ez zekitenek aukera gutxi zituztela irabazteko. Horregaitik, denek barneratu zituzten modalitate honetako teknikak euren estilora.
Judoan gerriko beltza lortu duzu?
Oraingoz gerriko marroia dut judoan. Ez dut astirik izan Euskadiko federazioagaz ofizialki beltza lortzeko. Baina horrek ez nau larregi arduratzen. Badakit beltzerako maila badudana. Hala ere, hori jakitea ez da gerrikoa izatearen parekoa. Gerrikoa ipinita izatea beste gauza bat da. Beraz, denbora apur bat dudanean gerriko beltza ateratzera bueltatuko naiz.