Aurtengo denboraldia ez dute berehalakoan ahaztuko Tabirakoko zaleek. Otsailean Lehen Nazional Mailako Kopa irabazi zuten eta horrek ligako Lauko Finala jokatzeko eskubidea eman zien. Asteburu honetan jokatu dute final hori Donostian, eta oraingoan ere txapeldun geratu dira. Ondorioz, EBA mailara itzuli da Tabirako Baque gizonen talde nagusia.
Luzapen biko finala
Atzo Tecnun Askatuak talde donostiarra kanporatu zuten finalerdietan. Gaur, Take Tolosa taldearen kontra jokatu dute finala. Emozio handiko final ikusgarria jokatu dute talde biek. Luzapen biren ostean erabaki da irabazlea. Arauzko 40 minutuak 67nako berdinketarekin amaitu dira. Lehenengo luzapenaren amaieran ere ez zegoen irabazlerik: 77-77. Bigarren luzapena hiru puntuko aldeagatik irabazi dute durangarrek (87-84) eta EBA mailara igo dira.