Tabirako-Baque Kopako txapeldun geratu eta igoerako Lauko Finalera sailkatu da

Joseba Derteano 2022ko ots. 28a, 10:04

Tabirako-Baqueko jokalariak garaipena ospatzen. (Argazkiak: Luis Iturrioz)

Finalean ligako talderik indartsuenetakoa den Mondragon Unibertsitatea hartu dute mendean, non eta Arrasaten bertan.

Euskadiko Saskibaloi Federazioak txapelketa berri bat sortu du aurten, Lehen Nazional Mailako Kopa, eta Tabirako-Baque da lehen aldi horretako txapelduna gizonetan. Irailetik honako kanporaketa guztiak gaindituta, asteburuan finalak jokatu dituzte Arrasaten eta onenak izan dira.

Zapatuan, Fundación Bilbao Basket taldea menderatu zuten finalerdietan: 68-56. Partidu serioa jokatu eta hirugarren laurdenera 20 puntuko aldeagaz heldu ziren; azken laurdenean aldea kudeatu zuten.

Bere aldetik, Mondragon Unibertsitateak 68-66 irabazi zion Tolosa Take taldeari. Beraz, domekako finalean ligako bi talderik onenek neurtu zituzten indarrak, Tabirako-Baque eta Mondragon euren multzoetako lider geratu direlako lehen fasean.

Arrasatearrek abantaila bat zuten; finala etxean jokatzen zuten, zaleen aurrean. Durangarrak ez ziren kokildu eta atsedenaldira 15 puntuko abantailagaz heldu ziren. Bigarren zatian arrasatearrak hiruko marratik asmatzen hasi ziren eta apurka-apurka hurreratu egin ziren markagailuan. Bost segundoren faltan hiru puntura bakarrik zeuden. Partidua berdintzeko jaurtiketa bat izan zuten, baina ez zuten asmatu eta Tabirakorentzat izan zen garaipena: 67-64.

Kopako txapeldun geratzeak sari handi bat dakar beragaz: ligako igoerako Lauko Finalera zuzenean sailkatzea. Horrek laster hasiko den ligako bigarren faseari aurre egiteko lasaitasuna emango dio taldeari. Lehenengo fasean bikain aritu dira; A multzoko lidertzan amaitu dute bederatzi garaipenekin eta hiru porrotekin.

Aitor Calle taldeko kapitaina Kopako garaikurragaz. (Luis Iturrioz)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!