Tabirako Baqueko gizonak EBA mailara igo daitezke asteburuan, Donostian

Joseba Derteano 2022ko mai. 13a, 10:30

Tabirako Baqueko gizonen talde nagusiak Euskadiko maila nagusitik Espainiako EBA mailarako saltoa eman dezake asteburuan. Horretarako, Donostian jokatuko den Lauko Finala irabazi beharko du.

Erronka ez da nolanahikoa. Finalerdietan Tecnun Askatua, etxeko taldea, izango du aurkari. Harmailetako giroa apur bat orekatu guran, Tabirakok doako autobusa ipiniko du partidua ikustera joateko. Partidua zapatuan izango da,18:00etan. Bigarren finalerdia Take Tolosa eta Loiola Indautxu taldeen artekoa da. Irabazleek domekan jokatuko dute finala.

Otsailean Lehen Nazional Mailako Kopa irabazi zutenean, zuzenean sailkatu ziren Lauko Finalera. Orduko hartan, etxeko taldea izan zuen kontrario finalean, Mondragon, eta menderatu egin zuen. 

EBA maila ez da arrotza Tabirako Baquerentzat. Orain gutxi, 2019/2020 eta 2020/2021 denboraldietan hain zuzen ere, EBAn jokatu zuen. Ondoren, iaz mailaz jaitsi zen eta aurten berriro bertara itzuli daiteke. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!