[BIDEO] Obrak hasteko "baimen barik" Sorginola hesitzen hasi direla salatu dute gazte asanbladako kideek

Anboto 2022ko mar. 28a, 15:47

Momentuz datozen asteei begira aurreikusitako ekimenekin aurrera jarraitzen dutela adierazi dute.

Iazko udan, Jaurlaritzaren Sprilur S.A. enpresa publikoak Fundifes inguruko lursaila erosi zuen, Maristak ikastetxeak, etorkizunean, bere egoitza berria bertan eraiki dezan. Espazio horretan dago Sorginola gaztetxea. Joan zen astelehenean inguru hura hesitzen hasi ziren Sprilur-eko langileak azpiegitura berria egiten hasteko eta gazte asanbladakoen esanetan "ez dute baimenik obretan hasteko". "Horretarako eraikina ruina egoeran dagoenaren adierazpena sinatu behar da eta ez dago sinatuta. Eta ez da aurreikusten maiatzera edo ekainera arte baimen hori izango dutenik", adierazi dute.

Egoera horretan gaztetxe ingurua hesitzera joan izana  salatu dute. "Uste dugu gauzak ez direla horrela egiten. Guk hasieratik esan dugu negoziatzeko prest gaudela, baina momentu batean ere ez dira etorri ezer adostera", adierazi dute. Beraz, inork ezer komunikatu ez dietenez, datozen asteetan antolatutako ekimenekin aurrera jarraitzeko asmoa erakutsi dute.

Etorkizunera begirako irtenbide bila, momentuz hartueman "informalak" bakarrik izan omen dituzte udalagaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!