Sorginolako kideen iritziz, Durangok gaztetxe baten "beharra" dauka, eta proiektua geldiarazteko edo alternatiba bat eskaintzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari, Durangaldeko Mankomunitateari "bereziki", eta baita Durangoko Udalari ere. "Gure etxea saldu dute barruan gaudela, eta beste behin argi uzten dabiltza noren interesen alde gobernatzen duten. Gaztetxea botaz gero, gazte askorentzako erreferentzia izan den espazio bat botako dute. Artea eta kultura sortzeko espazio bat. Aisialdi eredu alternatibo bat; antolakuntza politikorako tresna bat, Durangoko eragileentzako eraikin bat; bizi eredu askatzaileak imaginatzeko proiektu bat. Sei urtetan ehundaka eskuk eraikitako amets bat", azaldu dute Sorginolako kideek oharrean.
Maristak Berria
Iazko ekainean, Eusko Jaurlaritzaren Sprilur S.A. enpresa publikoak Fundifes izandakoaren lursailak erosi zituen lurrak deskontaminatu, berreskuratu eta "goi-mailako heziketa beharrizanei" erantzuteko. "Lankidetza publiko-pribatu" bat hasi zuten, Maristak ikastetxearen eraikin berria lursail horietan kokatzeko.
Bestalde, ANBOTOk jakin ahal izan duenez, Sprilurrek eraikina "ruina" egoeran dagoela dioen ziurtagiria eskatu dio Durangoko Udalari.
Sorginolako kideek aurreratu dute datozen egunetan ekimenak egingo dituztela.