Jokin Bildarratz sailburuaren berbetan, Tabirako instalazioak "lekurik egokiena" dira Kirolene kokatzeko

Anboto 2022ko mar. 17a, 09:40

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Durangoko batzokian egon zen atzo, herriko kide jeltzaleekin batuta.

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Durangoko batzokian egon zen atzo, Hezkuntzako Euskal Lege berriaren oinarriak Durangoko eta eskualdeko afiliatuen aurrean azaltzen. Dena dela, berbaldiak gai gehiago aletzeko tartea ere eskaini zuen, Durangoko EAJk ohar batean jakinarazi duenez, Bildarratzek Kiroleneren egoitzari buruzko adierazpen gutxi batzuk egin baitzituen bertan. Kontua da Durangoko EAJk hainbat bider eskatu diola gobernu taldeari Kiroleneren egoitza Tabirako instalazio berrietan kokatzeko. Eta hain zuzen ere, auzi hori zelan dagoen galdetu diote jeltzaleek Bildarratzi.

Durangoko EAJk oharrean dioenez, "Hezkuntza sailburuak ez zuen xehetasunetan sartu gura izan, proiektu hau lantzen ari den udalari zor zaion errespetuagatik". Baina hala ere, sailburuak eginiko honako adierazpen hauek zabaldu ditu oharrean: “Udalarekin lanean ari gara. Tabirako igerilekuak Kiroleneko zentro berrirako lekurik egokiena direla uste dugu, eta laster errealitate izatea espero dugu” azaldu zuen Bildarratzek. Mireia Elkoroiribe bozeramaile jeltzalearen iritziz, hori "albiste ona" da Durangorentzat, arazo bi konpondu ahalko direlako. Kirol instalazio berrituak sortzea batetik, eta Kirolenek bere beharrizanetara egokitutako instalazioak izatea, bestetik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!