Durangoko jeltzaleen esanetan momentu "egokia" da horretarako. Durangoko Udalak Tabirako aldagelak berritzeko lanak hasiko dituela eta, "unea aprobetxatu beharko litzateke obra modu bateratuan egiteko, espazioen eta inbertsioen efizientzia eta aprobetxamendu handiagoa" bilatuta. Mireia Elkoroiribe buru duen alderdiaren arabera, Kiroleneren gaur egungo instalazioak "zaharkituta" daude eta ez dute "Irisgarritasunari buruzko araudia betetzen". Talde jeltzaleak gaineratu du bertara ailegatzea zaila dela eta instalazioak "txiki" gelditu direla gaur egungo ikasle-kopuruarentzat. Gaur egun San Inazio auzoko oktogonoan dago Kirolene.
Kritika gobernu taldeari
Durangoko gobernu taldeak asteon kritikatu duenez, Tabirako aldageletan ez da mantenu lanik egin "urte luzeetan", eta horren erantzule egin du EAJk eta PSE-EEk osatutako aurreko gobernu taldea. Bada, Durangoko EAJk kritika horiei erantzun die orain. Egungo gobernu taldeari leporatu dio "hamabi hilabetean" arazoa konpontzeko "ezer" ez egitea. "Ia bi urte daramatzate agintean, eta urtebete da erabaki bat hartu behar zela bazekitela. Ez dira gai izan ezer egiteko", kritikatu dute.