Martxoaren 31ko oroimen ekitaldian hilerriko hobi komunetan lurperatutakoak eta euren senideak omenduko dituzte

Ekaitz Herrera 2022ko mar. 16a, 14:36

Ekitaldia Andra Mariko elizpean egingo dute, bonbardaketa eta gero hobi komunetan sartu zituzten biktimak eta euren senideak omenduta. Udalak biktimei duintasuna bueltatzeko espazio bat sortzeko asmoa duela iragarri du.

Orain arte, Martxoaren 31ko oroimen ekitaldian bonbardaketaren lekukoak eta handik bizirik irtendakoak omendu izan dituzte. Baina aurten, hilerriko hobi komunetan lurperatuta egon zirenei eta haien senideei egingo diete aitortza. Halantxik jakinarazi dute Gerediaga elkarteak, Durango 1936 elkarteak eta Durangoko Udalak. Oroimen ekitaldia Andra Mariko elizpean egingo dute, Gerediagak eta Kriskitin dantza taldeak elkarlanean. Eta bertara gonbidatu dituzte hobi komunetan lurperatu zituztenen senideak. "Bonbardaketan hildako 84 biktima hilerrian lurperatu zituztela badakigu. Gaur egun han ez daudela ere ziur dakigu. Beraz, orain zer? Momentua da aitortzarako. Aitortza instituzionala egiteko eta aitortza herritarra egiteko. Hori dela eta, Martxoaren 31ko oroimen ekitaldian, modu anonimoan, modu desegokian eta ahanzturan hobiratutako biktimak omenduko ditugu. Lurperatutako 50 bat biktima identifikatu ditugu eta lortu dugu horietako 30 familiarekin hartu emanetan ipintzea. Senitarteko horiek gonbidatu ditugu oroimen ekitaldira. Plaza publikoan aitortza jasotzera", azaldu du Beñat Gaztelurrutia Gerediaga elkarteko kudeatzaileak. Ekitaldia Martxoaren 31n izango da eta 19:30ean hasiko da.

Duintasunerako espazioa

Bestalde, Durangoko Udalak aurreratu du oroimenerako espazio bat ipiniko duela hilerrian, behinola hango hobi komunetan lurperatuta egondako biktimei duintasuna bueltatzeko. “Espazio duin sortu nahi dugu, 85 urteren buruan familia askok ez dutelako beren senideak omentzeko espazio propiorik”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julián Ríos alkateordeak. Oraingoz ez dute oroimen es- pazioaren ezaugarririk jakinarazi, baina Garrastatxu alkateak aurreratu du ideia lehiaketa bat abiatuko dutela, eta espazioaren diseinua biktimen senideekin elkarlanean egin gura dutela. Momentu honetan gunea sortzeko azterketa teknikoak egiten ari dira. Udalaren asmoa da gunea datorren urteko Martxoaren 31ko ekitaldietarako prest egotea.

Gerediagak, Durango 1936 elkarteak, udalak eta Aranzadik ikerketa bi egin dituzte azken hilabeteotan. Batetik, hobi komunetan lurperaturikoak izen-abizenez identifikatzeko eta euren senideak lokalizatzeko ikerketa egin dute. Bestetik, prospekzioa egin dute, hobi komunetan zeudenak topatzeko. Euren arrastorik agertu ez denez, eragileek aitortza egiteko sasoia dela aldarrikatu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!