Lau hilabeteko lanen ostean, Durangoko skate park berria prest dago eta zapatuan inauguratuko dute egun osoko jai bategaz. Skate, roller eta BMX kirol modalitateak praktikatzen dituztenei bideratuta dago Arripausueta inguruko —padel pisten ondoan— espazio berria.
Skate park berriak hainbat gune ditu 1.275 metro karratutan banatuta. Gune nagusiak bi dira: kirolean adituak direnentzako bowl handi eta bihurgunetsu bat eta hasiberrientzako egokiagoa den txikiago bat. Mota honetako azpiegiturak egiten aditua den Daniel Yabar arkitektoarena da diseinua. Durangoko gazteekin hartuemana izan du eta euren gustura sortu du parke berria. "Gazteek diseinuan parte hartu dute. Azkenean eurek dakite zer beharrizan dituzten", nabarmendu du Ima Garrastatxu alkateak gaur skate parkean eskainitako prentsaurrekoan.
Aurretik beste skate gune bat zegoen bertan. "Erabat zaharkituta eta abandonatuta zegoen. Durangok merezi duen skate park bat egitea zen helburua", azaldu du Julian Rios alkateordeak. Gune berria egiten 159.000 euro inbertitu ditu udalak.
Zapatuko inaugurazioa
Espazio berria zapatuan inauguratuko dute eta herritarren jai bat izan dadila gura du udalak. Horregatik, harmaila batzuk jarriko dituzte ekimenak bertatik bertara jarraitzeko.
Askotariko ekimenak prestatu dituzte gazteek: BMX klaseak, erakustaldiak, musika… Arratsaldean skate komunitateko grafitigile batzuek 'Durangoko skate parka' dioen mural bat pintatuko dute. Haren ondoan 'errespetua' berba jarriko dute hainbat hizkuntzatan.
MARTXOAK 5 - EGITARAUA
- 09:30-11:30 Atik skatepark eskolako kideek tailerrak eskainiko dituzte 16 urtera artekoentzat.
- 11:50-16:00 Sesio libreak. Bakoitza bere modalitatean ariko da.
- 16:00-16:30 Bunny Hop contest.
- 16:50-20:00 Skatepark Jam eta zuzeneko musika: DJ Itsua.