"Arkitektoagaz elkarlanean aritu gara denen gustuko skate parka izan dadin"

Anboto 2022ko mar. 1a, 11:25

Asier Baños, skate parkean.

Asier Baños Todd (Durango, 1997) gustura dago skate park berriarekin eta euren beharrizanak asetzen dituela dio.

Gustura espazio berriarekin?
Oso pozik gaude Durango skate park berriarekin. Hiru urte pasatxo daramatzagu borrokan hau errealitate bihurtu dadin eta Durango Udalari eta skate, roller eta BMX komunitateei eskerrak posible egin dugu. Arkitektoarekin elkarlanean aritu gara denen gustuko skate parka izan dadin.

Skate guneko ezaugarriei dagokionez zer nabarmenduko zenuke?
Orain arte kanpora joan izan gara patinatzera eta hainbat tokitan honako hau ikusi dugu: edo skate park oso handiak edo oso txikiak dira. Guk bi gune gura genituen. Maila handiena dutenentzako bowl bat eta beste txikiago bat hasiberrientzako.

Zapatuan inauguratuko duzue.
Desiatzen gaude. Gazteak eta umeak erakarri gura ditugu. Izan ere, aurreko skate gunea ez zen egokia ez ikasteko eta ez praktikatzeko. Oraingo hau gune profesionala da eta ikasteko aproposa. Horregatik Atik skate eskolakoak ekarriko ditugu gazteei begira.

Mural bat egiteko asmoa ere baduzue.
Bai, skate komunitateko grafitigile batzuek egingo dute. Ingurua dotoretuko du. 'Durangoko skate park' idatziko dugu eta baita 'errespetua' berba ere hainbat hizkuntzatan.

Zergatik 'errespetua' berba?
Azkenean, kirol askotan, futbolean eta abar, lehia handia egoten da, baina gure komunitatea errespetuzkoagoa da. Denok elkarrekin dibertitzeko batzen gara. Hori adierazi nahi dugu.

Skate komunitatean zenbat zarete?
20-30 bat lagun gara. Egunetik egunera gehiago gara. Skate park berriak komunitatea handitzeko balioko duela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!