Fundifeseko instalazioek duten "arriskuaren aurrean", EAJk "premiazio neurriak" hartzea eskatu du

Ekaitz Herrera 2022ko ots. 23a, 20:21

Jeltzaleek diotenez, Eusko Jaurlaritzak hainbat bider ohartarazi du udala "eraikinaren ezegonkortasunaz eta amiantoaren presentziaz".

Durangoko EAJ "kezkatuta" agertu da Fundifes lantegia izandakoarekin. Instalazioak osasun publikoarentzako arriskutsuak izan daitezkeela dio, eta udal gobernu taldeari eskatu dio "premiazko neurriak" hartzeko. Jeltzaleek ohar batean diotenez, Jaurlaritzak hainbat bider eman dio udalari arriskuen berri. "Eraikinaren ezengonkortasuna" eta "amiantoaren presentzia" nabarmendu dituzte horien artean. "Horregatik guztiagatik, EAJn kezkatuta gaude gerta daitekeenarekin, jakinda gazte durangarrak daudela instalazio horietan lanean", adierazi du Mireia Elkoroiribe bozeramaileak. Izan ere, Sorginola gaztetxeak bertako eraikinetako batean du bere egoitza, eta EAJk "oso garrantzitsutzat" jo du gazte durangarrek "lehenbailehen gune egoki bat izatea hainbat jarduera egiteko".

Gaiak arratsalde honetako osoko bilkuran irten du. Mikel Ortega zinegotzak informazioa eskatu dio gobernu taldeari. Honako galdera hauek erregistratu ditu eskarien eta itaunen tartean: "Jakinarazi al dizue Ingurumen Sailak Fundides zaharrako lursailean eta instalazioetan dagoen arriskua?" eta "Istalazio horiek euren jarduerak garatzeko erabiltzen dituzten pertsonei jakinarazi al diezue zer arriskuren eraginpean dauden?".

Ruina egoeraren ziurtagiria

EAJk jakinarazi duenez, Sprilurreko zuzendari nagusiak idatzi bat helarazi zion Durangoko Udalari 2021eko abenduaren 1ean. Eta joan zen otsailaren 3an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Kalitatearen eta Ekonomia Zirkularraren zuzendariak bigarren idatzi bat helarazi zion. Idatzietan, Jaurlaritzak "eraikinaren berehalako ruina egoera zehaztea" eskatu zion udalari, bestela, ezin zuelako "Fundifeseko instalazio zaharrak erosteko, botatzeko eta deskontaminatzeko lanak hasi". Izan ere, Sprilur enpresa publikoa da instalazio horien jabea, eta Maristak ikastetxearen zentro berria bertan kokatzeko lanak hastea aurreikusi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!