Oier Ariznabarretak ia minutu batean hobetu du maratoietako bere marka: 2.16.45

Anboto 2022ko ots. 21a, 09:16

Oier Ariznabarreta Sevillako maratoiko helmugan.

Atzo Sevillako maratoian parte hartu zuen korrikalari durangarrak.

Oier Ariznabarretak (Durango, 1983) kapitulu berri bat idatzi du Sevillako maratoian. 2019an hantxe amaitu zuen bere ibilbideko lehenengo maratoia. Harrezkero beste bitan parte hartu eta bietan hobetu du bere denbora. 2020an 2.17.43ra jaitsi zuen eta atzo ia minutu batean ondu zuen marka pertsonala: 2.16.45. Maratoiko lehenengo euskalduna izan zen eta sailkapen orokorrean 64. tokian amaitu zuen.

Ariznabarreta "oso pozik" dago atzo egindako lanagaz. Lehenengo erdia ikaragarri azkar egin zuen (1.05.29): "Maratoi honetan lehenengoak oso azkar joaten dira. Ondorioz, 2.13 eta 2.20 denboren artean ez da talderik egoten. Hutsune bat egoten da. Arriskatzea eta lehenengoekin joatea erabaki nuen", gogoratu du. Baina lehenengo erdian egindako ahalegina bigarrenean ordaindu zuen. "Niretzako oso azkar zihoazen eta bareak heldu zidan. Bigarren erdian ezin izan nuen ezer edan. Reset egin eta berriro, nire erritmoan, sentsazioak bilatzen joan nintzen. Banekien maratoi erdia denbora honagaz egin nuela eta banuela koltxoia lasaiago joateko", adierazi du.

2.14an egitea posible ikusten du

Ariznabarretaren asmoa maratoia 2.14an egitea zen, baina beste batean izan beharko du. "Azkenean 2.14ra heltzea da helburua. Maratoi erdira minutu bat motelago heldu izan banintz denbora horren bueltan ibiliko nintzela uste dut. Erritmo horretan minutu bat asko igartzen da". Beraz, maratoiari agur beharrean "gero arte" esan dio.

Aurrera begira, hiru aste barru kilometro bertikalen Espainiako txapelketan parte hartuko du eta urteko hitzordu nagusia Zegama-Aizkorri lasterketan izango du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!