Oier Ariznabarretak 2.17.43ko denboran osatu ditu Sevillako maratoiko 42 kilometroak

Maialen Zuazubiskar 2020ko ots. 23a, 15:19

Oier Ariznabarretak 43. postuan bukatu du Sevillako maratoian. Durangarra ez da izan Sevillan egon den eskuldeko korrikalari bakarra. 

Iaz izan zuen estreinaldia maratoi batean Oier Ariznabarreta durangarrak, zehazki Sevillako maratoian. Aurten, bertara itzuli eta bere marka minutu eta hamabost segundoan ondu du Ariznabarretak. Sevillako maratoiko 42 kilometroak 2.17.43ko denboran osatu ditu. Gainera, Espainiako Txapelketa izan da Sevillako lasterketa, eta bosgarren postua lortu du. Lasterketa amaitu ostean, Ariznabarretak bere sare-sozialetan aitortu du, lasterketa "oso bizkorra" izan dela. 

Ariznabarreta ez da eskualdeko korrikalari bakarra izan. Bertan izan dira baita Indarpak taldeko Gorka Bizkarra, Jorge Rodriguez eta Iraia Liendo. Bizkarrak 161. postuan bukatu du, 2.34.11ko denboran osatu du ibilbidea, Rodriguez 2959. izan  da, 3.27.00ko denboragaz eta Liendo 3189. 3.29.21eko denboragaz.

Mendiko lasterketaren saria
Joan zen asteburuan Euskadiko mendi federazioak urteroko gala egin zuen, eta bertan Ariznabarreta saritu zuten. Durangarrak mendiko lasterketaren saria jaso zuen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!