"Aurreakordioak ustez apurtu ezinak ziren mugak apurtzea ekarri du, oztopo politikoen gainetik"

Ekaitz Herrera 2021ko abe. 20a, 12:24

Datorren astean prozesu parte hartzailea hasiko dute, aurre akordioak eskainitako markoaren barruan, "akordioa zelan hobetu" eta "bideragarriago zelan egin" lantzeko.

Durangoko gobernu taldeak Eusko Jaurlaritzagaz lortutako aurreakordioaren balantzea egin du goiz honetan. Ima Garrastatxu alkatearen berbetan, aurre akordioa "oso berri ona" da Durangorentzat. Alkateak esan du "hilabete luzeko negozioazioak" izan direla, eta azpimarratu du negoziaketari eskerrak "hainbat hesi" apurtu direla arlo politikoan: "[Aurreakordioak] ustez apurtu ezinak ziren muga batzuk apurtzea ekarri du, oztopo politikoen gainetik". Izan ere, hiru alderdiren eskutik heldu da akordioa. Gobernu taldekoak diren EH Bildu eta Herriaren Eskubidea-Podemos tandemaren eskutik, eta Eusko Jaurlaritzaren Garraio Saila kudeatzeaz arduratzen den PSE-EEren eskutik. Alde horretatik, Garrastatxuk EAJri egin dio kritika. "Oposizioko alderdi nagusiaren ahotik entzun dugu PERI Trenbidea proiektua mugiezina zela, durangarrok 266 milioi euroko kalte-ordaina eman beharko genukeela. Eta horrez gainera, herri galdeketan, abstentziora deitu zuen". Horren aurrean, gobernu taldeak emandako berba "bete" egin duela eta "boikotaren aurrean alternatibak" sortu dituela adierazi du alkateak.

Prozesu parte hartzailea

Jorge Varela zinegotziak argitu du datorren astean parte hartze prozesu bat hasiko dutela herritarrekin. Aurreakordioak eskainitako markoaren barruan, "akordioa zelan hobetu" eta "bideragarriago zelan egin" landuko dute. Horretarako askotariko saioak antolatuko dituzte, hainbat espaziotan. "Aztertuko dugu egoera juridikoa zelan dagoen eta aurrera begirako aukerak zeintzuk diren. Berdin bide judizialak kentzeko irtenbideak zeintzuk diren", esan du Varelak. Datozen egunetan emango dituzte prozesu parte hartzaileari buruzko xehetasun gehiago. Dena dela, durangarrak gonbidatu dituzte prozesuan parte hartzera.

"Bost dorrerik ez"

Bestalde, Aritz Bravo zinegotziak aurre akordioaren nondik norakoak aletu ditu. Azpimarratu duenez, "bost dorreak ez dira egingo" eta "Eusko Jaurlaritzak uko egingo dio lurpeko merkataritza-galeriaren bigarren fasea eraikitzeari. Baita lurperatutako eremuan ekipamenduetarako gune bat eraikitzeko asmoei ere". Durangoko Udalak, trukean, ekipamenduetarako lursail bat utziko dio Eguzkitzan, etorkizuneko industrialdea garatzen denerako. Era berean, San Agustin komentua eta Pinondo Etxea utziko dizkio Jaurlaritzari, honek premia-egoeran dauden kolektiboentzako bizitokiak eraiki ditzan. Etxebizitza sozialei begira, babes ofizialerako 240 etxebizitza egingo dituzte, "batzuk PERI barruan; beste batzuk PERItik kanpo". Bravok adierazi du "alokairu sozialetara" bideratuko dituztela etxeok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!