[BIDEOA] Kulturalak garaipenarekin ekin dio denboraldiari, Lejardi eta Arizmendiarrieta durangarren golekin

Anboto 2021ko ira. 5a, 16:39

Durangoko taldea Hirugarren Mailara igo berria den Beti Gazte baino gehiago izan da gaur eguerdian Tabira zelaian jokatutako partiduan: 2-0.

Iaz Hirugarren Mailari eusteko galtza bete lan izan ostean, garrantzitsua zen aurtengo denboraldiari bide onetik ekitea eta helburua bete du Durangoko Kulturalak. Ligako estreinako partiduan 2-0 menderatu du Lesakako Beti Gazte, Hirugarren Mailan lehenengoz jokatzen ari den talde nafar igoberria.

Partiduko zatirik handienean durangarrena izan da jokoaren ekimena. Lehenengo zatian area kanpotik saiatu dira batez ere, eta ez da aukera garbi-garbirik izan. Bigarrenean indartsu zelairatu dira Jon Gonzalezek zuzendutako gizonak. 55. minutuan, Aratz Garmendia ordiziarraren -aurten fitxatu dute, Pasaia taldetik- buruzko erremateak langa jo du. 

Zaleen pozerako durangar bi izan dira gaurko golegileak. Lehenengoa Jon Lejardik sartu du, area barruko mugimendu azkar batekin buelta erdia eman eta baloiak botea eman bezain laster gogor astindu duenean (BIDEOAN ikusi daiteke jokaldia). Lejardi harrobiko jokalaria da eta iaz Ondarroako Aurrera taldean aritu ostean, aurten etxera itzuli da. Ez dago hobeto hasterik debuteko partiduan gol bat sartuta baino. Gainera, jokalari polibalentea da eta erasoko hainbat postutan jokatu dezake.

Markagailuan atzetik, Beti Gaztek pauso bat aurrera eman du nahitaez. 84. minutuan partidua berdintzeko aukera bikaina izan du, baina Urki Txoperenak ez du asmatu. Partiduaren hondarrean, Kulturalak kontraerasoan irteko espazioak aurkitu ditu eta horrela heldu da bigarren gola, 90. minutuan. Sekulako gola izan da, egia esanda. 60. minutuan zelairatu den Unai Arizmendiarrietak zartako galanta eman dio baloiari oso urrunetik eta barrura joan da. Konfiantza dosi ona iaz lesioekin asko sufritu zuen durangarrarentzat. 

Aipatzekoa da, baita, Peio Tinoco elorriarraren debuta. Elorrio taldetik fitxatu duten aurrelariak azkenengo hamar minutuak jokatu ditu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!