Unai Arizmendiarrieta: "Jokatzeko eta taldeari laguntzeko gogo handiz nago"

Joseba Derteano 2021ko ira. 5a, 17:20

Lesio gaizto bat atzean utzi eta gogotsu begiratzen dio etorkizunari jokalari durangarrak. Gaur partiduko bigarren gola sartu du. 

Unai Arizmendiarrieta (Durango, 1997) gaurko partiduko protagonistetako bat izan da. Oso urrunetik baloiari zartako galanta eman eta gol ederra sartu du 90. minutuan. Honela gogoratu du berak: "Lehenengotan baloiarekin aurrera egitera pentsatu dut, baina gero atezaina apur bat aurreratuta zegoela ohartu naiz eta jaurtitzea erabaki dut. Zorionez perfekto irten da".

Konfiantza hartzeko ederto etorriko zaion gola da, seguru, iaz asko sufritu zuelako lesioekin. Sorbaldan ebakuntza bat egin behar izan zioten, urtean zehar birritan irten zitzaiolako; lehenengoz, aurredenboraldian, eta beste behin, hirugarren jardunaldian, gol bat sartzeko bere burua lurrera bota zuenean. Garai haiek atzean geratu dira eta itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari. "Jokatzeko eta taldeari laguntzeko gogo handiz nago", aitortu du. Gaur 61. minutuan zelairatu da eta azkenengo orduerdia jokatu du.

Orain arte, bere ibilbide osoa Durangoko Kulturalean egin du Arizmendiarrietak, haur-kategorian hasi eta lehenengo taldera heldu arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!