Durangok emakumeen Euskal Kopa hartuko du irailean

Joseba Derteano 2021ko uzt. 7a, 13:23
Txapelketako antolatzaile, babesle eta parte hartzaileak gaur Landako kiroldegian egindako ekitaldian.

Saskibaloiaren Lehenengo Mailan dabiltzan Lointek Gernika Bizkaia, IDK Euskotren eta Kutxabank Araski taldeek elkarren kontra jokatuko dute iraileko lehenengo asteburuan.

Emakumeen Euskal Kopako irabazlea Durangon erabakiko da aurten ere. Landako kiroldegiak laugarren urtez jarraian hartuko du euskal saskibaloiaren egun handia. Hiru urtez Kopa Durangon jokatzeko Euskadiko Saskibaloi Federazioak, Durangoko Udalak eta Tabirako klubak 2018an sinatutako hitzarmena iaz iraungi zen, baina federazioak txapelketa aurten ere Durangora ekartzea erabaki du, Tabirakorentzat garrantzitsua den urteurren batengatik: 50 urte joan dira Cafés Baqué enpresa Tabirakoren babesle denetik.

Kopa iraileko lehen asteburuan jokatuko dute Lointek Gernika, Gasteizko Kutxabank Araski eta Donostiako IDK Euskotren taldeek. Hirurak Lehenengo Mailako taldeak dira. Iaz Lointek Gernika taldeak irabazi zuen.

Gaur parekatzeak erabakitzeko zozketa egin dute Landako kiroldegian. Irailaren 3an, Gernika eta Araski taldeek neurtuko dituzte indarrak; irailaren 4an, IDK eta Araski taldeek, eta, irailaren 5an, Gernika eta IDK taldeek. Partidu denak 18:00etan hasiko dira. 

Euskal Kopa berriro Durangon hartzea "ohore bat" dela adierazi du Ima Garrastatxu alkateak eta Tabirakori "eskerrak" eman dizkio kirolaren alde egiten duen lanagatik. Hilario Perez Tabirakoko presidenteak txapelketaren garrantzia azpimarratu du eta udalari eskerrak eman dizkio eskainitako laguntzagatik. Azkenik, Luis Mari Sautu federazioko presidenteak Tabirakoren ibilbidea goraipatu du eta Durango "saskibaloia arnasten den herria" dela adierazi du.

Luis Mari Sautu Euskadiko Saskibaloi Federazioko presidentea, Ima Garrastatxu Durangoko alkatea eta Hilario Perez Tabirakoko presidentea gaurko zozketan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!