2020ko urrian batzen hasi zirenetik, proiektuari forma emateaz gainera, harreman bira abiatu zuten Durangoko eragile kultural eta sozial, hezkuntza zentro, erakunde publiko eta norbanakorekin. Azken hilabeteetan, lan saio irekiak ere antolatu dituzte, herritarren ekarpen gehiago jaso ahal izateko. "Prozesu honek balio erantsia eman dio proiektuari, modu kontrastatu eta kolektiboan sortzea ahalbidetu baitu", adierazi dute ohar batean.
Plateruenaren itxieraren ostean, herriko kulturgintzari buruzko hausnarketa ere abiatu dutela azaldu dute. "Durangon indarguneak eta aukerak ikusten ditugun arren, Plateruenak hutsune bat utzi duela eta asetu gabeko beharrizanak daudela ondorioztatu dugu. Diagnostiko horren berri, eta PTGZ dinamikaren ondorioekin osatutako proiektuaren kudeaketarako proposamena aurkeztuko ditugu eguazteneko ekitaldian", aurreratu dute.