Durangaldea prest dago Munduko txirrindularirik onenen lehia hartzeko

Anboto 2021ko mai. 18a, 14:37
Annemiek Van Vleuten iazko irabazlea.

Gaur Durango-Durango klasikoa jokatuko da. Aurten, Urki kalean izango du helmuga. Lasterketa 15:00etan abiatuko da Ezkurditik

Juan Mari Balierren oroimenezko Durango-Durango Laboral kutxa Emakumeen Sariak goi mailako txirrindulariak batuko ditu gaur. Duranguesa txirrindulari elkarteak antolatzen duen lasterketan munduko talde eta txirrindulari onenak izango dira. 29 taldek parte hartuko dute eta bertan izango dira, Movistar taldeko Annemiek Van Vleuten, SD Worx taldeko Anna Van Der Breggen, Trek Segafredo taldeko Elisa Longo Borghini eta Bike Exchange taldeko Amanda Spratt, besteak beste.

Klasikoa 15:00etan hasiko da, Ezkurdin. Durango, Iurreta, Abadiño, Berriz, Miota, Elorrio eta Abadiño zeharkatzen dituen zirkuituari bost itzuli emango dizkiote. Azken itzulian Garaitik Goiuriara igoko dira, ostean, Goiuritik Iurretara jaitsiko dira eta San Juan Momoitiotik berriro igoko dute Goiuriara. Lasterketaren azken zati horretan %20 arteko aldapak izango dituzte txirrindulariek. Helmuga, berriz, ohi bezala Ezkurdin egon beharrean, Urki kalean egongo da. Antolatzaileek lasterketa 18:00ak inguruan amaitzea aurreikusten dute.

Bestalde ikusleei "errespetuz" jokatzeko deia egin diete, eta osasun neurriak betetzeko eskatu dute. Horrez gain, lasterketa streaming bidez, jarraitu ahal izango dela  jakitera eman dute. 'Sportpublictv' izeneko youtube kanalean ikusi ahalko da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!