%8ko aldapa igo ostean, Urki kalean amaituko da Durango-Durango klasikoa

Maialen Zuazubiskar 2021ko mar. 11a, 10:27

Duranguesa txirrindulari elkarteak antolatzen dituen lasterketa guztietako helmugak Urki kalean izango dira, Durangoko hilerriaren ondoan. Jubenil eta elite/23 urtez azpikoen lasterketak apirilaren 1ean izango dira. Durango-Durango Laboral Kutxa Emakumeen Saria, berriz, maiatzaren 18an. 

Pandemia dela eta, Duranguesa txirrindulari elkarteak lasterketa guztietako irteera eta helmugak lekualdatzea erabaki du, jendetza saihesteko asmoz. Elkartetik azaldu dutenez, Durango-Durango Laboral Kutxa Emakumeen Saria eta jubenilen eta elite/23urtez azpikoen lasterketak Urki kalean amaituko dira, Durangoko hilerriaren ondoan. "Aldaketarekin lasterketa oraindik eta gogorragoa izango da, helmugara heltzeko %8ko aldapa bat igo beharko dute", esan dute antolatzaileek. 

Durango Durango klasikoa, maiatzaren 18an
Durango-Durango Laboral Kutxa Emakumeen Saria maiatzaren 18an izango da, eta bertan 30 taldek parte hartuko dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, dagoeneko 35 taldek lasterketan parte hartzeko nahia azaldu dute. Beraz, bost talde kanpoan gelditu beharko dira. Hala ere, dagoeneko Duranguesa txirrindulari elkarteak baieztatu ditu lasterketan izango diren zazpi talde: Ale BTC Ljubliana, Canyon Sram, FDJ, Movistar, Team Bike Exchange, Team SD WORX eta Trek Segafredo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!