Umeen Kontseilua sortu dute Durangon, haurren ekarpenak udalgintzan islatzeko

Anboto 2021ko mar. 18a, 17:00

Kontseiluan Durangoko ikastetxeetako 10 eta 12 urte bitarteko ume talde batek parte hartu du gurasoen laguntzagaz. Umeek euren iritzi eta nahiak helaraziko dizkiete alkateari eta gainontzeko udal ordezkariei, modu horretan, ideia horiek udal politiketan txertatzeko.

Atzo egin zuten lehenengo bilkura. Ima Garrastatxu alkatea eta Julián Ríos alkateordeak Umeen Kontseiluaren eraketan parte hartu zuten, familiekin eta umeekin batera. “Umeen Kontseilua martxan jartzeko beharrean eta Udalari egingo dion ekarpenean sinisten dugu, eta konpromiso hau serio hartzen dugu, zuen ekarpenak haintzakotzat hartzeko, izan ere, ziur gaude gure jardueren hobekuntzarako baliagarriak izango direla”, adierazi dute Garrastatxuk eta Ríosek.

Joan zen urrian Oinherri egitasmora batu zen Durango. Udalak 'Herri hezitzailea' izateko konpromisoa hartu zuen erabaki horregaz. Besteak beste, "ume eta gazteen partaidetza bultzatuko dituzten iniziatibak martxan jartzea" da udalaren asmoa, eta, umeei "ahotsa, protagonismoa, erabakitzeko ahalmena eta erantzukizuna ematea.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!