“Oinherri ez da umeentzako zerbait bakarrik; kolektiborik zaurgarrienak ipini gura ditugu erdigunean”

Ekaitz Herrera 2020ko aza. 1a, 11:00

Eñaut Aiartzaguena iurretarra Oinherri egitasmoan sartuta dabil. Bizkaiko Herri hezitzaileen sareko dinamizatzailea da. Beragaz batu gara proiektuari buruzko xehetasun gehiago jakiteko.

Definizio batetik abiatzearren, zelan definitu dezakegu Oinherri?
Oinherri askotariko elkarteek osatutako elkarte handiago bat da. 14 eragile gaude barruan. Aisialdiari lotutako elkarteak, Irrien Lagunak eta heziketa arloko elkarteak daude. Horrez gainera, Oinherrik Herri hezitzaileen sarea du. Umeen hezkuntza eta aisialdia beste era batera lantzen dituen proiektua da. Hezkuntza ez formalean ipintzen du arreta. Egitasmoa Francesco Tonucci pedagogo italiarraren Haurren hiria liburuan esandakoan oinarritzen da. Tonu-
cciren esanetan, hiriak ez daude pertsonen neurrira eginda, autoetara eta kontsumora bideratuta baino. Tonuccik horri buelta eman gura dio, umeengandik hasita.

Umeak diozu, baina Oinherri umeentzako proiektu batetik urrutirago doa.
Batzuek uste dute hau umeentzako zerbait dela. Ez da horrela. Herri hezitzaileak ez dira umeentzako zerbait. Hau ez da ludoteka bat. Ez da gazteleku bat. Umeak aipatzen ditugunean, esan gura dugu gizarteko kolektiborik zaurgarrienak ipini gura ditugula erdigunean. Umeak ipiniko ditugu erdigunean, baina baita emakumeak, adineko herritarrak, migratzaileak eta aniztasun funtzionala dutenak ere. Umeak, zelanbait esateko, horien guztien metafora bat dira. Txikiak direnak erdigunean ipintzea da helburua. Azken finean, txikiak bizi ahal badu, handia ere biziko da.

Adibideak erabilita, zelan ilustratu dezakegu Oinherriren proposamena?
Hartu dezagun Durango, adibidez. Bere sasoian, unitate didaktibo batzuk egin zituzten ondare historikoa lantzeko. Eskoletan lantzen dute material hori. Bada, orain, materiala eskolan bakarrik landu barik, asmoa da dinamiken bitartez herriko elkarteekin, komertzioekin eta gurasoekin lantzea. Kalean lantzeko formulak bilatzea. Parkeen eraberritzeari buruz ere ipini ditzakegu adibideak. Iurretako Amilburuko parkean, txintxaunek kortxoa dute azpian. Hesi batez inguratuta daude. Noren ikuspegitik daude eraikita txintxaunok? Umeen ikuspegitik ala helduen ikuspegitik? Hara: parke horren inguruan jesarlekuak daude, gurasoek, jesarrita daudela, umeak handik kontrolatu ahal izateko. Txintxaunak hesiz inguratuta daude umeak ez daitezen gehiegi aldendu. Seguru egon daitezen, kortxoa dute. Badirudi larregi babesten ditugula umeak. Eta umeei galdetuz gero, horren arabera landu beharko genuke parkea. Berdin hirigintzan edo herri baten urbanizazio antolamenduan. Umeekin landu beharko liratekeen proiektuak dira. Eta eskualdean baditugu adibideak. Kurutziaga ikastolako parkea hor dago. Baita Mañariko plazako parketxoa ere.

Durangoko Udalak bat egin du Oinherri egitasmoagaz. Zer etorriko da hitzarmen horretatik?
Lehenengo eta behin, formakuntza ematea da dugun asmoa. Umeen filosofia eta haurtzaroaren kultura azalduko dizkiegu bertako eragileei. Durangon Hezkuntza Kontseilua eta aisialdi mahaia daude. Horietan emango dugu formakuntza. Bestetik, beste herri batzuetan egondako esperientziak gerturatu gura genituzke. Herriko eragileekin ere batu gura dugu. Demagun genero arloa landu gura dugula. Bada, Bilgune Feministagaz batuko ginateke. Euskararen balioak landu gura ditugula? Berbaro, EHE eta AEK ditugu, adibidez. Tokiko eragileekin lan egitea da asmoa.

Oinherri egitasmoak zazpi printzipiogaz definitzen du bere proiektu hezitzailea

1. HAURTZAROAREN KULTURA Umeak etorkizuneko herritar lez kontsideratu beharrean, umeak gaur egungo biztanle aktiboak direla aldarrikatzen du.

2. BENETAKO PARTE-HARTZEA Gizarteak ahuldutako bestelako sektoreak ikusaraztea (emakumeak, aniztasun funtzionala dutenak, adinduak, etorkinak).

3. AISIALDI HEZITZAILEA Eskolatik kanpoko eremuak hezkuntzaren parte direla ulertzea.

4. EUSKALDUNA Euskara balio bat da bere baitan. Balio hezitzaile bat. Txikiaren alde egitea denen alde egitea da.

5. ANITZA ETA PAREKIDEA Gizartea anitza da, eta, horrenbestez, aberatsa. Sektorerik ahulenak erdigunean ipintzea.

6. INGURUMENAREN ZAINDARI Ingurune naturala eta kulturala ezagutzea, zaintzea eta lantzea. Ingurumen kalteez jabetzea. Euskal Herriko kultura aniztasunaz jabetzea.

7. KOMUNITATEARI LOTUA Auzolanetik, komunitatetik tiraka, jendartea sendotzea.

Oinherri elkarteagaz bat egiteko bideak zabalik daude Elorrion eta Otxandion

Oraingoz, Durango da Oinherrigaz lankidetza hitzarmena sinatu duen eskualdeko herri bakarra. Baina horrek ez du esan gura Durangaldeko beste udalerri batzuek haurtzaroaren kultura lantzeko bidean pausorik eman ez dutenik. Elorrioko eta Otxandioko eragileek badute hartu-emana Oinherri elkarteagaz. Otxandio, adibidez, herri hezitzaile izateko bidean abiatu da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!