Durangoko galdeketa

24.700 durangar botoa ematera deituta

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 14a, 08:49

Durangon tren geltoki zaharraren orubeari buruzko galdeketa egingo dute gaur. Guztira 24.700 bat herritarrek izango dute bozketan parte hartzeko aukera. "Baiezkoa ala ezezkoa" bozkatu, etxean ez gelditzeko eta botoa ematera gerturatzeko deia egin du Erabaki plataformak.

Landako Gunea prest dago durangarren historiako lehen herri galdeketa hartzeko. Udalak 17 hautetsontzi atondu ditu bertan eta galdeketan parte hartzeko deia egin die herritarrei. Guztira 24.700 durangarrek izango dute botoa emateko aukera eta guztia modu egokian egiten dela ziurtatzeko 7 udal behargin eta 51 boluntario ibiliko dira lanean. Hautetsontziak goizeko 9:00etan zabaldu eta 20:00etan zarratuko dituzte.

2019ko azaroan Durangoko udalbatzak herri galdeketa egiteko baimena eskatu zion Madrilgo ministroen kontseiluari. Udalbatza osatzen duten lau alderdi politikoek aho batez onartu zuten eskari hura tramitatzea. Handik hilabete batzuetara ailegatu zen Madrilgo gobernuaren erantzuna: argi berdea eman zion galdeketa egiteari. Erabaki plataformak adierazi du biharko eguna iristeko "pozik eta ilusioz" dagoela.

ANBOTOk gaurko egunaren jarraipen berezia egingo du web orri honetan goizetik hasi eta galdeketaren emaitza zein den jakitera ematen den arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!