Durangoko galdeketa

Pilota Madrilgo gobernuaren teilatu gainean dago

Anboto 2019ko aza. 27a, 20:14

Durangoko udalbatzak aho batez onartu du tren geltoki zaharrari buruzko galdeketa egiteko baimena Madrilgo gobernuari eskatzea. Aurrerantzean, hiru hilabete izango ditu Madrilgo ministroen kontseiluak galdeketari argi berdea ala argi gorria ipintzeko, kale ala bale egiteko.

Indar politiko guztiek onartu dute Erabaki plataformagaz batera landutako galdera, Madrilera eramatea. Alegia, Durangoko Udalak galdeketa egiteko baimena eskatu berri dio Madrilgo ministroen kontseiluari, aho batez.

ESANAK:

Mireia Elkoroiribe (EAJ): “Pauso handia da Durangorentzat. Baimena eskatzearen alde bozkatu dugu herritarren parte hartzea defendatzen dugulako. Edozelan ere, berme juridiko guztiekin egin dadila gura dugu”

Aritz Bravo (EH Bildu): “Egun garrantzitsu bezain historikoa da gaurkoa. Traben eta oztopoen gainetik, galdeketa aktibatzea lortu da. Duela hamarkada bat baino atzeragoko testuinguruan diseinatutako proiektua, makroproiektu zentzugabea da gaur egun. Eta proiektuaren zentzu hori izango da aurrerantzean eztabaidatuko dena”

Jorge Varela (Herriaren Eskubidea): “Konpromisoa hartu genuen, eta galdeketa martxan ipiniko da. Honakoa izango da Durangon egingo den lehen herri-galdeketa. Ilusio handia dugu, eta pozik gaude egindako lanagaz”

Jessica Ruiz (PSE-EE): “Pozgarria da guztion adostasuna ikustea. Prozedura modu legalean egitea gura genuke. Gobernuak galdeketa baimenduko duen zalantzarik ez dugu. Hori bai, ez da loteslea”

Baimena eskatzeko erabakia aho batez onartutakoan, txaloz hartu dute berria udalbatzan egon diren herritarrek.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!