Durangoko galdeketa

"Baiezkoa ala ezezkoa" bozkatu, herri galdeketan parte hartzera deitu du Erabakik

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 13a, 11:00

Etxean ez geratzeko deia egin du Erabakik. "Boto papera edozein dela ere, garrantzitsuena bihar bozkatzera joatea" dela dio. Plataformak "pozik eta ilusioz" itxaroten dio biharko egunari.

Bihar tren geltoki zaharraren orubeari buruzko galdeketa egingo da Durangon eta Erabaki plataformak bertan parte hartzera deitu ditu herritarrak. Hautetsontziak botoz betetzeko deia egin du, norbere aukera baiezkoa ala ezezkoa izanda ere. "Boto papera edozein dela ere, garrantzitsuena bihar bozkatzera joatea dela uste dugu", adierazi du plataformak. "Ez zaitez etxean geratu. Durangarron eguna da, eta tamainako erabakia ahalik eta jende gehienak hartzea garrantzitsua da", gaineratu dute.

Plataformak "pozik eta ilusioz" itxaroten du biharko eguna, eta orain arte egindako ibilibidea azpimarratu du: "Duela hiru urte sortu ginen, herri-galdeketa bat eskatzeko: informazioa eman genuen, adituak ekarri genituen, 3.082 sinadura lortu genituen eta udaleko osoko bilkurara eraman genuen gaia. Mobilizazio ugari ere egin genituen: ekimena trenbideko lursailetan, manifestazio jendetsua eta informazio banaketak, besteak beste", gogorarazi du Erabakik.

Biharkoaren aurrean "eskerrak" eman dizkie galdeketa egikaritu arteko bidean inplikatutako guztiei.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!