Durangoko galdeketa

Podemos-Ahal Dugu: "Bai galdeketari, Bai PERI1 Trenbidea gelditzeari"

Ekaitz Herrera 2021ko mar. 10a, 13:09

Talde moreak herri galdeketa "boikoteatzen" aritzea egotzi die EAJri eta PSE-EEri. Abstentzioan lerratzea "dorreen proiektua defendatzea" dela iritzi dio.

Durangaldeko Podemos Ahal Duguk agerraldia egin du gaur, Durangoko Santa Ana plazan. Alderdiak domekan egitekoa den galdeketari begirako jarrera berretsi du, eta horri buruzko azalpenak eman dituzte Julián Ríos Durangoko alkateordeak, Isabel González Elkarrekin Podemos-Ezker Batua taldeko legebiltzarkide durangarrak eta Sabina Méndezek, Durangaldeko Podemos Ahal Dugu alderdiko buruak.

Julián Ríosen arabera, domekakoa "momentu historikoa da" durangarrentzat. "Azken 40 urteotako herri-ariketarik inportanteena" izango da. "Herritarren garaia da eta horri heldu gura diogu, gure DNAn baitago". Gonzálezek galdeketan parte hartzera deitu ditu bere herrikideak, eta, gaineratu du domekakoak "inflexio puntu bat" ekarriko duela. "Ordezkaritza demokraziatik demokrazia parte hartzailera" eman beharreko bidea islatuko luke galdeketak. Méndezek baietzaren aldeko berbak izan ditu. "Bai borobil bat galdeketari. Bai proiektua gelditzeari", esan du.

EAJren eta PSE-EEren "boikota"

Talde morea osatzen duten kideek PSE-EEk eta EAJk hartutako posizioak kritikatu dituzte. Ríosek herri galdeketa "boikoteatzen aritzea" egotzi die alderdi biei eta gaineratu du abstentzioan lerratzea "dorreen proiektua defendatzea" dela. Méndezek trenbidea lur azpiratzeari buruz EAJk atzo emandako datuak kritikatu ditu. "Kuantifikazio horri ez diogu inolako zentzurik ikusten", adierazi du. Trenbidea lur azpiratzea "zerbitzu publiko" lez ulertu beharko litzateke bere esanetan, herritarrei "berez" eskaini beharreko zerbitzu modura. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!