Irene Oguiza gol birekin bueltatu da Athleticen lehenengo taldera, lesionatu zenetik urtebetera

Joseba Derteano 2021ko ots. 8a, 13:55
Irene Oguiza Espanyolen kontrako gol bat ospatzen (Argazkia: Athletic Club)

Espanyolen kontrako Athleticen garaipenean, erdilari durangarra izan zen partiduko jokalari onena.

Irene Oguizak (Durango, 2000) iazko urtarrilean debutatu zuen Athleticen lehenengo taldearekin. Handik asteburu bira, otsailaren 2an, hasierako hamaikakoan estreinakoz jokatzen zuen partiduan, erretiratu egin behar izan zuen, belaunean min hartuta. Erresonantziak ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatuaren haustura atzeman zion.

Ebakuntza egin berritan, pandemia heldu zen. Hilabete asko izan ziren etxean lanean eta bakarrik errekuperatzen. Oguizak Reto Iberdrolako taldekideekin itzuli nahi zuen, eta pixkanaka Iraia Iturregiren aginduetara jarri zen. Berehala erakutsi zuen golerako usaimenik ez zuela galdu. Azaroan, bigarren taldearekin jokatutako lehenengo partiduan, gol bat sartu zuen Collerense taldearen aurka eta, ondoren, beste bi sartu zituen Osasunaren kontrako derbian.

Lan on horrek, lehenengo talderako atea ireki zion berriro. Badajozeko Santa Teresa taldearen aurka itzuli zen talde nagusira. Joan zen asteburuan, berriz, gol bi sartu zituen Espanyolen kontrako garaipenean (3-0). Hasierako hamaikakoan aritu zen gainera. Lehenengo gola 8. minutuan heldu zen area barruan ehizatutako aldaratze bat ate barrura bidalita. Bigarren gola orduerdia bete orduko sartu zuen, buruz. Bera izan zen partiduko jokalari onena. "Lehenengo minutuetan nahiko urduri nengoen, baina minutuak aurrera joan ahala erosoago sentitu naiz. Taldekideek ere asko lagundu didate. Oso pozik nago gol bi sartu izanaz, ezin nuen sinestu. Partidu borobila izan da", adierazi zuen erdilari durangarrak partidu amaierako prentsaurrekoan. 

Partidu laburpena, Irene Oguizaren golekin (Athletic Club):

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!