Durangarrek bizikletentzako eta oinezkoentzako gune gehiago sortzearen alde egin dute aurrekontu parte hartzaileetan

Ekaitz Herrera 2020ko ira. 30a, 20:36

Durango berdeago baten aldeko proposamena izan da aurrekontu parte hartzaileetako ideiarik bozkatuena. Proposamenak bizikletentzako bidegorri gehiago egitea eta oinezkoentzako espaloi zabalagoak egitea iradokitzen du, besteak beste. Proposamenak datorren urteko udal aurrekontuetan izango du isla, 80.000 euroko inbertsioagaz.

Bozkatu beharreko 22 proposamen zeuden, eta 2.297 durangarrek eman dute botoa. 2021erako aurrekontu parte hartzaileek etorkizunean etorriko diren proiektu bi finkatu dituzte dagoeneko. Durangoko udalbatzak osoko bilkura izan du gaur eta honi buruzko informazioa jakinarazi du bertan Iker Urkiza zinegotziak. Durango berdeago bat lez ezagutzen den ideiak izan du babesik zabalena. Urkizaren esanetan, proposamen horrek aukerak zabalduko lituzke bizikletentzako bidegorri sarea handitzeko edota oinezkoentzako gune gehiago sortzeko, adibidez, trafikoan eraldaketak eginda. Horretarako 80.000 euro bideratuko dituzte datorren urteko udal aurrekontuetan. Proposamen honek 842 herritarren babesa lortu du.

Gehien bozkatu den bigarren ideiak oinezkoen segurtasunagaz du lotura. Pisua detektatzen duten sensoreak ipiniko dituzte zebra-bideetan. Sensoreak gainean pisua duela -eta horrenbestez, pertsonaren baten presentzia- detektatuko du, eta horren eraginez LED argi batzuk piztuko dira. Argi horiek oinezkoen presentziaz ohartaraziko die auto gidariei. Sensore bakoitza instalatzeak 2.300 euro inguruko kostua du eta herriko hainbat puntutan ipiniko dituzte harik eta 100.000ra iristeko falta diren 20.000 euroak bukatzen diren arte. Bigarren proposamen honek 193 boto jaso ditu.

Aurrekontu parte hartzaileak, zenbakitan

  • 100.000 euroko aurrekontua izango dute. 80.000 baliatuko dira Durango berdeago baterako eta beste 20.000 zebra-bideetako sensoreetarako.
  • Prozesu parte hartzailearen lehen fasean herritarrek egindako 92 proposamen jaso ziren
  • 22 proposamen pasatu ziren bozketa fasera, udaleko bulego teknikoak berauen bideragarritasuna kontuan hartu eta gero.

Bi proposamenak 2021eko udal aurrekontuetan geldituko dira islatuta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!