2021eko aurrekontu parte-hartzaileak 100.000 eurora arte jaitsi direla kritikatu du Durangoko EAJk

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 2a, 12:06
Durangoko EAJko kideak. Artxibo irudia, pandemiaren aurrekoa.

Durangoko EAJk "sorpresa handia hartu du" 2021erako aurrekontu parte-hartzaileen kopuruarekin. Aurtengoek 600.000 euroko inbertsioa izan dute. Datorren urteko udal aurrekontuan txertatuko direnek, berriz, 100.000 euroko inbertsioa izango dute.

Durangoko EAJk udal gobernu taldearen jarrera kritikatu du 2021ari begirako aurrekontu parte-hartzaileak aurtengoak baino murritzagoak izango direla-eta. "Sorpresa itzela gaurkoa, EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak hainbeste aldarrikatu duten aurrekontu parte-hartzaileen zenbatekoa urtebetean %80 jaitsi denean", kritikatu du.

Iaz martxan ipinitako aurrekontu parte-hartzaileak aurtengo udal aurrekontuan islatuta gelditu dira. 600.000 euroko inbertsioa izan dute. Aldiz, aurten martxan ipinitako eta datorren urtean islatuko diren aurrekontu parte-hartzaileek 100.000 euroko inbertsioa izango dute.

Mireia Elkoroiribe EAJren bozeramailearen berbetan "sinestezina da aurrekontu parte-hartzaileen aldarrikatzaile nagusienak ei direnek, udal aurrekontuaren %0,002 bakarrik bideratzea horretara. Udal talde honek diru gehiago gastatzen du komunikazioan, parte-hartze proiektuetan baino".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!