Durangoko aurrekontu parte-hartzaileek kale-frontoiak ipintzea, bidegorriak egokitzea edo argiteria hobetzea proposatuko dute, besteak beste

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 2a, 12:00

Durangoko Udalak 2021era begirako aurrekontu parte-hartzaileak ipini ditu martxan. Herritarrek bozketa bidez erabakiko dute zertara bideratuko diren aurrekontu osoaren 100.000 euro. 22 proiekturen artean bozkatu beharko dute.

Oraingoz, udalak ez du bozkatu beharreko proposamenak zeintzuk diren zehaztu, baina Iker Urkiza zinegotziak ANBOTOri azaldu dionez, askotariko proiektuak egongo dira. "Auzoetako argiteria hobetzeari lotutako ideiak, kale-frontoiak eraikitzeko proposamenak, bidegorri-sarea hobetzeko proposamenak, emakumeen futbola bultzatzeko ideiak edo hiri-baratzeak" egongo dira, besteak beste, 22 proposamenen atzean. 

Durangoko herritarrek uztailaren 31ra arteko epea izango dute aurrekontu parte-hartzaileetan bozkatzeko. Horretarako http://partehartu.durango.eus/inicio atarira jo, bertan identifikatu eta interesgarrienak zaizkien proposamenen artean bozkatu beharko dute. Gehienez, hiru ideia bozkatu ahalko ditu herritar bakoitzak. 1, 2, eta 3 puntu emanda bozkatu beharko dute. Prozesuaren bukaeran, punturik gehien lortzen dituzten proposamenak lehentsiko dira 2021eko udal aurrekontuetan txertatzeko.

Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak parte hartzearen garrantzia nabarmendu dute: "Orain dela gutxira arte prozesu parte-hartzaile horiek pentsaezinak ziren Durangon, Durangoko historian Aurrekontu Partehartzaileak egiten diren bigarren urtea izateak erakusten duen bezala. Durangarrekin parte hartzeko bide berriak irekitzen ari gara, herriari hitza ematea beharrezkoa dela uste baitugu. Datozen urteetan bide horretan sakontzen jarraituko dugu".

Atzean utzi behar izandako proposamenak

Hainbat aste pasatu dira durangarrak 2021eko aurrekontu-partehartzaileak lantzen hasi zirenetik. Herritarrek haien proposamen propioak helarazi zizkieten udal ordezkariei. Udalak, horietako batzuk atzean utzi behar izan ditu, ezinbestean, kasu batzuetan bideragarritasun ekonomikorik ez zuelako, eta, beste zenbaitetan, udalaren eskumenetik kanpoko proposamenak zirelako. Partehartu.durango.eus atarian ikus daitekeenez, Antso Estegiz kalea eta Matute plazaren inguruak berrurbanizatzeko proposamenak, kultur etxe bat zabaltzea edo gizarte-etxe bat irekitzea dira atzean utzi behar izan diren ideietako batzuk. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!