"Aurtengoa izango da San Fermin jaiak ospatuko ez ditudan lehenengo aldia"

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 6a, 12:45
Ainara Ibañez, erdian, txistua eta danbolina eskutan.

Ainara Ibañez Iruñekoa da, baina hainbat urte daramatza Durangon bizitzen. San Fermin jaiak urtero-urtero bizi izan ditu barrutik, dela Erraldoien kalejiran txistua jotzera irtenda edo Zaldiko Maldiko elkarteko kideekin parrandara irtenda. 39 urtean, aurtengoa izango da bere San Fermin jairik bako lehen urtea.

Aurten ez da San Fermin jairik egongo Iruñean. Zein sentipen sortzen dizkizu egoerak?

Egia esan, sanferminik egongo ez zen ideia hori barneratua nuen lehendik ere. Ahalegindu naiz ideia hori baztertzen baina kontua da sare sozialetan lagun guztiak ari direla argazkiak eta bideoak partekatzen, eta, ondorioz zaila dela ideia hori burutik kentzea. Gaur Durangon gelditu naiz. Ez dut Iruñeko Alde Zaharra zapaldu gura. Jaiak bertan behera gelditu diren arren eta kaleko hamaiketakoak debekatu dituzten arren, jendetza egongo delakoan nago. Jendea irrika horri ezin eutsita ibiliko da.

Zer nolako garrantzia dute sanferminek zuretzat?

Niretzat urtearen amaiera eta hasiera bezalakoak dira. Izugarri deskonektatzen dut. Jaia barru-barrutik bizitzen dut, Erraldoien konpartsarekin irteten dudalako txistua jotzera; baita Duguna dantza taldeko kideekin ere. Azkena doan erraldoiarekin joan ohi naiz, Brauliarekin. Gaurko egunez, txupina jaurti eta gero udaletxe barruan aritu ohi gara txistua jotzen. Pamplonesako kideak ere egon ohi dira. Momentu hori aurten ezin bizitzeak, adibidez, kristoren pena ematen dit. 

Urtero-urtero ospatu izan dituzu sanferminak?

Bai, urtero. Aurtengoa izango da San Ferminak ospatuko ez ditudan lehenengo aldia. Txikia nintzela urteren batean kanpora joaten nintzen egun batzuk pasatzera, baina, beti egon izan naiz San Ferminetan. Gaurko egunez beti egon izan naiz Iruñean, 39 urtez. 

Koronabirusik barik nola ospatu izan dituzu orain arteko jaiak?

Erraldoien konpartsarekin irten ohi dut bospasei egunez, goizeko 9:30etatik ia 15:00ak arte. Gero, ia egun guztietan bazkariren bat izan ohi dut kalean. Berdin dantza taldeko kideekin edo Zaldiko Maldiko euskara elkarteko kideekin, Karrikiri topagunean,... eguna txistua joz pasa ohi dut. Bazkariak luzatu egin ohi dira eta ahalegintzen naiz goizaldeko 3:00ak baino lehenago etxeratzen. Dantza taldeko kideekin emanaldiak ere izan ohi ditut.

Eta aurten? Koronabirusak jaiak bertan behera utzi dituela-eta, ezer sinbolikorik egingo duzu?

Ez naiz sinbolo zalea. Batzuek esaten dute behintzat zuriz jantziko direla. Nik ez dut halakorik egingo. Gaur hemen egongo naiz eta bihar Iruñera joango naiz gurasoak bisitatzera. Nire asmoa herrira joatea da, beste plan bat egitea, ahal dela, San Ferminak ahazteko. 

Ibañez (eskumatik hasita hirugarrena), txistulari taldeko kideekin eta Braulia erraldoiarekin 2018an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!