"Turisten erara barik, San Ferminak iruindarren erara gozatzea gustatzen zait"

Ekaitz Herrera 2020ko uzt. 7a, 11:00
Jon Jiménez, eskuman Abadiñotik joandako beste hainbat lagunekin.

Jon Jiménez Rebollo (Abadiño, 1984) San Fermin jaien zale amorratua da. 19 urte daramatza urtero-urtero Iruñera joaten. Ohiko bisitarien jai zirkuitutik kanpo ibiltzea gustatzen zaio. Iruñean bertan lagunak ditu, eta iruindar peto baten modura gozatzen ditu jaiak, hamaiketakoak, peñak eta entzierroak tartekatuta. Koronabirusa dela-eta, aurten, ezingo ditu jaiak gozatu.

Eta, aurten, San Fermin jairik bako lehen urtea...

Bai. Horixe tokatzen da, ez dago besterik. Pena handia dut aurtengoagatik. San Ferminetan egon ohi den giroa ez da beste inon topatzen. Ez dago haren pareko ezer Munduan. Ezagutu izan ditudan jaien artean, behintzat, ez dago parekorik. Gainera, asko gustatzen zait zezenen inguruko mundu hori guztia. Ezaugarri askogatik bereziak dira San Ferminak.

Iruñean lagunak dituzu. Nola ospatzen dituzu San Ferminak?

Lanak baimentzen didan aldiro joan izan naiz Iruñera. Hiruzpalau egun pasatu ohi ditut han. Noizbait etxeren bat alokatu izan dugu. Beste hainbatetan hango lagunen etxean hartu izan dut ostatu; berdin aste barruan zein aste bukaeran. Baina turisten erara barik, San Ferminak iruindarren erara gozatzea gustatzen zait. Entzierroa, hamaiketakoa, giroa,... iruindarren ohituretan murgiltzea gustatzen zait, azken finean, haiek beste era batera bizitzen baitituzte San Fermin jaiak. 

Beraz, entzutetsuenak diren tokietatik aldenduta egiten duzu jaia?

Bai, ohiko zarraparra girotik kanpo mugitzen gara. Iruindarrak ez doaz turistez betetako tokietara. Hortik ihes egiten dute. Sarritan erdigunetik kanpoko tokietan egiten dituzte hamaiketakoak, hiriko beste toki batzuetan. Dena aldatzen da, jatekoa barne.  Ez du zerikusirik. 

Eta, aurten, zer?

Hango lagunekin egin dut berba telefonoz. Noski, festa erraldoirik ez dute egingo. Talde txikian batuko dira, behintzat, elkarrekin egon eta hamaiketakoa egiteko. Gainera, gaur, uztailak 7 izanik, jaieguna da Iruñean. Ez dute beharrera joan beharrik. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!