[BIDEOA] Durango, Euskal Herriko LGTB mugimenduaren sorburua

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 26a, 09:30

1976ko Durangoko Azokan LGTB kolektibo bat antolatzeko ideia izan zuten hainbat gaztek. Handik hilabete gutxira jaio zen EHGAM, Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimendua. Imanol Alvarez (Bilbo, 1956) izan zen guztia martxan ipini zuen kideetako bat. Durangon izan zen 1976ko Azoka hartan, eta Durangora etorri da gertatutakoa ANBOTOri kontatzeko.

EHGAM da Euskal Herrian dagoen LGTB kolektiborik beteranoena. Frankismoaren hondarrean sortutako taldea da eta indarrean dago gaur egun ere. Harekin batera beste hainbat LGTB kolektibo daude Euskal Herrian zehar. Durangaldearen kasuan, Kili-Kili elkartea dago. Ekainaren 28an, domekan, Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatu eta aldarrikatuko du LGTB komunitateak.

Gauza bat eskatu gura nizuke: esaldi bat botako dizut eta esaidazu esaldiagaz bat zatozen ala ez: "Durango da Euskal Herriko LGTB mugimenduaren sorburua".
Oso neurri handian, bai, halaxe da. Askok ez dute historia ezagutzen, eta harriduraz hartzen dute datu hori. Pentsatzen dute LGTB mugimenduak hirietan sortu ohi direla, eta, horrenbestez, Euskal Herrikoa Bilbon sortu zela. Erakundetzea edo dena delakoa, bai, Bilbon egin zen, baina Durangon sortu zen asmoa.

Nolatan ipini zen Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduaren (EHGAM) lehenengo harria Durangon?
1976ko Euskal Liburu eta Disko Azokan izan zen. Azaroa zen, orduan azaroaren hasieran egiten zen azoka, merkatu plazan. Hainbat lagun topatu ginen han. Gaiaz berbetan hasi ginen eta han sortu zen ideia. 20 bat urte nituen. Uste nuen ideiak ez zuela arrakastarik izango, ez zuela aurrera egingo. Baina ahalegina egin genuen, eta, egia esan, oso erraz egin zuen aurrera. Kontaktuak egiten hasi ginen, elkarregaz harremanetan ipintzen. Eta, oker ez banago, 1977ko urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran EHGAM publikoki aurkeztu genuen, Bilbon.

Frankismoa bero-bero zegoen garai hartan.
Esperientziarik bako gazteak ginen. Informazio eta jakituria gutxi genuen. Gauza gutxi heltzen zen kanpotik. Baina, zorionez, hainbat herrialdetan 'Gay Liberation Front' zirelakoak sortzen zebiltzala jakin genuen. Horrelako zerbait eratzea genuen buruan, baina ez genekien nondik jo. Zurrunbiloa sekulakoa zen. Politikoa gehienbat, baina baita soziala ere. Zurrunbilo hark irentsi egin gintuen eta konturatu ginenerako tankera guztietako mobilizazioetan sartu ginen. Batzuek ez zuten ulertzen. "Zuek gay mugimendua bazarete, talde lez zergaitik parte hartzen duzue  manifestazio ekologista batean edo amnistiaren aldeko mobilizazio batean?", esaten ziguten. Guk argi genuen bestelako gizarte bat gura genuela. Justuagoa, berdintzaileagoa. Borroka guztiak gure egin genituen, eta gure borroka besteena ere izatea gura genuen.

Eta hara non, testuinguru nahasi hartan Durangoko Azokak batu zintuzten.
Kasualitatea izan zen, baina EHGAM Durangoko Azokan sortu izana izugarri gustatu izan zaigu beti. Oso inportantea izan da guretzat. Euskal kutsua du, eta hain zuzen euskal kutsua eman gura genion mugimenduari. Hasiera hoberik ezin izan! Gainera, horrelako mugimenduak hiriburuetan sortzen dira normalean, baina, zorionez, herri batzuetan ere egon izan dira taldeak; bai EHGAM taldeak, eta baita, azken urteotan lez, beste izendapen bateko taldeak. EHGAMek taldeak izan ditu Durangaldean, hainbat alditan.

Aipatu duzu EHGAMek talde propioak izan dituela Durangaldean. Noiz sortu ziren?
Mugimendua hasi eta berehala talde bat sortu zen, hainbat hilabetean funtzionatu zuena. Gero, bere kabuz agortu zen. Kideetariko batzuk Bilbora joan ziren bizitzera, eta, batek daki, beste batzuk nekatu ere egingo ziren beharbada. Ez dut gogoan. Urteetan ez zen EHGAM talderik egon Durangaldean, harik eta 90eko hamarkadan bigarren talde bat sortu zen arte. Hainbat urtean funtzionatu ondoren, desegin egin zen. Gaur egun, Durangaldean bada beste LGTB talde bat. Ez da EHGAM, baina lan egiten segitzea da inportanteena. Taldeak Kili-Kili du izena.

EHGAMek Durangaldean utzitako beste arrasto bat Koldobika Jauregiren eskultura da. Landako Erakustazokaren ondoan dago eta frankismoak jazarritako LGTB kideak omentzen ditu.
2009an inauguratu genuen oroitarria, eta esandako guztiagaitik ipini genuen hemen. Ez dugu ahaztu behar borroka antifaxista oso inportantea izan dela guretzat. Antifaxistak gara, beste ezer baino gehiago. Gernikako azoka batean ekitaldi bat egin genuen behin, horregaitik hain zuzen ere, Gernikak antifaxismoagaz duen loturagaitik. Eta, jakina, Durangoko bonbardaketak ere badu garrantzia horretan. Beste arrazoietariko bat izan zen oroitarria bertan ipintzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!