LGTB mugimendua Durangaldean: memoria historikorako datu batzuk

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 26a, 09:30
Francisen oroimenezko zebra-bidea Oreretan.

LGTB mugimenduak aspaldidanik utzi du arrastoa Durangaldean. Oharkabean pasatu da sarri, eta, zeharka bada ere, isilarazia ere izan da batzuetan. Mugimenduak eskualdean utzitako datu gutxi batzuk baino ez dira hauek, memoria historikoa lantzea ahalbidetzen dutenak.

EUBAKO BILTZARRAK
Euskal Herriko Gay-Les Askapen Mugimenduak Markina-Xemeingo baserri batean ekin zion batzarrak egiteari, baina Eubako (Zornotza) Goitia baserrian egin zituen bere lehenengo biltzar ofizialak. 1979an egin zuen lehenengoa, eta 1981ean bigarrena.

KOMENTUKALEKO PISUKIDE HAIEK
EHGAMek bere egitura propioa izan du Durangaldean. Hainbat aro izan ditu. 1976 inguruan izan zen lehenengoa; 1995etik aurrera, bigarrena. Ordu hartan, Durangoko Komentukaleko etxe batean bizi ziren hiru pisukidek Durangaldeko EHGAM birsortzea pentsatu zuten. Hainbat kide batu ziren mugimendura, baina talde motorea bost kidek osatzen zuten: neska bik eta hiru mutilek. Lau urteko aktibismoa izan zen haiena. Fanzine edo argitalpen bat ere utzi zuten: Lesgay Barri.

JAIAK ETA KULTURA, ELORRION
'Jaia bai, borroka ere bai', dio lema ezagunak. Bada, Durangaldeko EHGAMek horixe egin zuen Elorrion. 90eko hamarkadan hainbat zinema ziklo eta bertso saio antolatu zituen Ateneon eta Arriola antzokian. Garaiko aktibistek ondo gogoan dituzte Ateneon muntatutako jaiak. Bertakoa izan zen Durangaldeko lehenengo LGTB txosna.

FRANCISEN ALDE ABADIÑON
1979ko ekaina. Abadiñoko Udalak elkartasuna adierazi zion Errenteriako Udalari. Eta zergaitik adierazi zion elkartasuna? Bada polizia batek Francis hil zuelako tiroz, hango Apolo dantzalekuan. Eta nor zen Francis? Bada, Errenterian lan egiten zuen eta han bizi zen trabestia. Hilketa hark Euskal Herriko LGTB komunitatea sumintzea eragin zuen. Istiluak eta greba orokorrak egon ziren hurrengo egunetan. LGTB kide askok protestara irten zuten, lehenengoz publikoki.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!