“Apurka-apurka goaz; epe luzera begira, Durangon aldaketa bat igartzea gura dugu”

Ekaitz Herrera 2020ko eka. 26a, 09:30

Eider Lauzirika (Durango, 1997) eta Jon Markel Carrillo (Durango, 1997) Kili-Kili elkarteko kideak dira.

Orain urtebete jaio zen Kili-Kili. Zein da orain arteko ibilbidearen balorazioa?
Eider Lauzirika:
Ofizialki orain urtebete hasi ginen arren, badira urte bi honegaz hasi ginenetik. Herritarrek eta instituzioek elkartean sinesten dutela ikusi dugu. Durangon ez zegoen ezer, eta oso pozik gaude orain artekoagaz. Ez genuen horrelako harrerarik espero.
Jon Markel Carrillo: Beharrizan bati erantzuteko sortu genuen elkartea. Ikusten genuen hezkuntza arloan heterosexualitatea zela ardatza, eta bestelako sexualitateak bazterrean geratzen zirela. Ugalketaren ikuspegitik kontatuta dago dena, gizon-emakume harremanetik. Ahaztu egiten dira bestelako genero identitateak eta sexualitateak. Ikuspegi zabalago bat eskaini gura genuen.
E.L.: Heziketa-gaiak lantzetik abiatu gura dugu, apurka-apurka esparrua zabaltzen joateko. Eta ez bakarrik umeekin. Gurasoekin, irakasleekin edo ikastetxeetako langileekin lanean gabiltza.

Zeintzuk izan dira orain arte antolatu dituzuen ekintzak?
E.L.: Iaz, ekainaren 28ko ekitaldiak antolatu genituen. Santurtziko jaietako pregoilari izateko gonbidatu gintuzten. Hitzaldi askotan parte hartu dugu eta Jesuitak ikastetxeagaz bideo bat egin genuen maiatzaren 17rako, LGTBfobiaren aurkako Nazioarteko Egunerako. Apurka-apurka goaz. Epe luzera begira, Durangon aldaketa bat igartzea gura dugu. Azken finean, gura zein ez, Durango nahiko kontserbadorea da. Oraindino zailtasunak eta traumak ikusten ditugu.

Zelan zaudete antolatuta?
J.M.C.:
Urte osoan zehar lan egiten dugu eta hainbat elkartegaz dugu hartu-emana. Sare sozialetan ere hainbat lanketa egin dugu konfinamenduak iraun duen bitartean.
E.L.: Gure batzarrak zabalak dira. Gura duena etor daiteke. Instagramen kili_kili_asoziazioa kontua dugu. kilikili.asoziazioa@gmail.com helbidera ere idatzi daiteke.

Zelan ospatuko duzue ekainaren 28a, LGTB kolektiboaren Harrotasun Eguna?
J.M.C.: Adierazpen-bideo bat egingo dugu herritar eta eragileekin. Tabernek bat egingo dute gugaz eta ostadar banderak ipiniko dituzte Goienkalen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!