Koronabirusak itotako egoera sozioekonomikoari aurre egiteko tresna aurkeztu du Durangoko Udalak: 'Durango Bizia'. Suspertze plan horrek 2.281.249 euroko balioa duten egitasmoak barnebiltzen ditu, eta, hiru mailatan sailkatu dituzte aurrerantzean hartuko diren neurriak: familiak laguntzeko neurriak daude batetik (1.268.259 euro); tokiko ekonomia laguntzeko neurriak bestetik (737.000 euro) eta herriko egitura sozial eta kulturala suspertzeko neurriak azkenik (275.000 euro).
Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoen artean ez ezik, herriko beste eragileen laguntzaz osatutako plana dela esan du udalak. Bertan parte hartu dute sindikatuek, eragile ekonomikoek, ikastetxeek, auzo-elkarteek eta eta elkarte kulturalek, besteak beste. Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak eskerrak eman gura izan dizkie plan hau eraikitzen lagundu duten guztiei. "Plan honek ziurtasunak eskaintzen dizkie Durangoko familiei, izan merkatariak, ostalariak, langabezian dauden langileak, musikariak, erretiratuak edota ikasleak. Udal honek badaki entzuten, eta, nahiz eta askotan horrek prozedura luzeagoa ekarri, erabakiak adostasun askoz zabalagoan finkatu behar direla uste dugu, Plan honekin lortu duguna bezala, azaldu dute Garrastatxuk eta Riosek.
EAJ pozik, baina planaren finantzaketarekin zalantzan
EAJk ere "positiboki" baloratu du plana. Bat egin du planaren inbertsio kopurua ia 2,3 milioi eurotara igotzeko ideiagaz, eta pozik agertu da bere proposamenetako batzuk plan barruan txertatu direla-eta. Horien artean daude denden digitalizazioa laguntzeko neurriak, turismoa indartzeko neurriak edota kaleeak dinamizatzeko neurriak. Dena dela, ñabardurak ere agertu dituzte jeltzaleek. Planaren xehetasunak eta dokumentuak ezezagunak direla, eta plana finantzatzeko modua nola izango den ez dakiela esan du EAJk. Edozelan ere, momentuz "konfiantza boto" bat emango dutela eta durangarren mesedetan indarrak batzeko unea dela azaldu du Mireia Elkoroiribe buru duen taldeak.
ZEINTZUK DIRA 'DURANGO BIZIA' PLANEAN ZEHAZTUTAKO NEURRIAK?
Familiak laguntzeko neurriak (1.268.259 euro)
- Lehen premiazko neurriak (439.459€:)
- Alokairua
- Elikagaiak
- Medizinak
- Argindar hornidura
- Egon litezkeen etxegabeetarako laguntzak
- Larrialdietarako laguntzak igotzea 398.800 eurora arte.
- Enplegua sustatzeko programak: 285.000€
- Lan arrazoiak direla eta senideak zaintzeko kontratazioetarako laguntzak: 100.000 euro
- Hezkuntza-eskubidearen defentsa: 45.000€.
- %80 arteko hobariak diru-sarrera baxuak dituzten familiei material informatikoa erosteagatik herriko dendetan.
- Ekipo informatikoak berreskuratzeko programa adin txikikoen hezkuntza-eskubidea bermatzeko.
- Familientzako sostengu sozial eta ekonomikoaren mahaia
Tokiko ekonomia suspertzeko neurriak (737.000 euro)
- Diru-laguntzak ekonomia aktibatzeko: 500.000 €
- Bonoak herriko dendetan. 30.000 €-ko hiru kanpaina ekainean, irailean eta abenduan. Guztira, 90.000 euro, (270.000€ dinamizatuko dituztenak –kopuru hau ez da kopuru totalera gehitzen).
- Herriko jarduera ekonomikoa laguntzeko sentsibilizazio eta informazio kanpaina: ‘Durangon, inoiz baino gehiago’ – ‘Durango, más que nunca’: 30.000 euro
- Dendak laguntzeko programak merkatarien elkartearen bidez: 47.000 euro
- COVID-19 inguruko babes materialerako laguntzak: 20.000 euro
- ‘Durango Zaindu’ weba: 900 euro
- Herriko denden digitalizazioan laguntzeko proiektuak: 50.000 euro
- Egutegi fiskal malgua
- Udaleko tasak birkalkulatzea eman ez diren zerbitzuetan (zaborrak, terrazak, estolderia,…)
- Herriko ekonomia aktibatzeko mahaia
- Industria sektorearen mahaia
Durangoko egitura sozial eta kulturala berpizteko neurriak (275.000 euro):
- ‘Kultur Labea’, uda partean dinamizazioa sustatzeko ekimena, Durangoko txoko ezberdinetan kultur jarduerak eginez: 95.000 euro
- San Agustin Kultur Guneak adostutako kultur jarduera guztiak salbatzea. Ezinezkoa balitz, streaming bidez egingo litzateke, eta konpainiak %65a kobratuko luke.
- Kultur sorkuntzarako laguntzak. 100.000€
- Arte eszenikoen programazioari zuzendutako diru-partidak mantentzea urtealdi honetarako.
- ‘Bizi Durango’ turismo plana bisitariak erakartzeko eta kontsumoa sustatzeko: 20.000 euro
- Kultur Bonoak: San Agustin Kultur Gunean, Zugaza zineman eta Plateruena Kafe Antzokian sarrera bat erosteagatik 5 euroko bonoa emango da herriko komertzioetan gastatu ahal izateko. 20.000€
- Ikasleen euskara maila ez galtzeko jarduerak uda partean. 20.000€
- ‘Udan, Zugaz’ Aisialdi eta kirol jarduerak gazteentzat uda partean. 20.000€
- Koordinazioa auzo elkarteekin uda partean kultur ekitaldiak antolatzeko.