Astelehenetik aurrera Durangoko dendetan gastatzeko deskontu-bonoak eskuratu ahalko dira

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 29a, 12:31

Durangarrek 10 eurotan erosi ahalko dituzte bonoak, gero, herriko dendetan 20 euroko erosketa egiteko. Gainontzeko 10 euroak Durangoko Udalak ipiniko ditu. Udalak berriki aurkeztutako suspertze planaren neurritako bat dira Durango-bonoak.

Durangoko Udalak hiru deskontu-bono kanpaina egingo ditu 2020an zehar. Lehenengoa, astelehenean abiatuko du. Herritarrek deskontu-bonoak erosi ahalko dituzte, ekainaren 1etik 28ra bitartean herriko negozioetan erosketak deskontu batez lagunduta egiteko. Durangarrek 10 eurotan erosi ahalko dituzte bonoak, gero, herriko dendetan 20 euroko erosketa egiteko. Gainontzeko 10 euroak Durangoko Udalak ipiniko ditu.

Egitasmoaren helburu nagusia koronabirusagatik kaltetu diren negozioen egoera hobetzea da. Urtean zehar antzerako beste bi kanpaina egingo ditu udalak. 30.000 euroko inbertsioa izango du bakoitzak. “Garai zailak dira herriko negoizo askorentzako, eta Udaletik gure esku dagoen guztia egingo dugu beraiei laguntzeko. Aurkeztu berri dugun Berraktibazio Planak neurri ezberdinak ditu herriko ekonomia suspertu ahal izateko, eta Bonoen kanpaina handitzeak norabide horretan lan egingo du”, adierazi dute Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak.

Non eta noiz eskuratu ditzaket bonoak?

  • Turismo Bulegoan (Kurutzesantu):  10:00-14:30 eta 16:00-18:30, astelehenetik barikura
  • Pinondo etxean: 08:00-15:00, astelehenetik barikura.
  • Landako I kiroldegian: 08.00-16:00, astelehenetik barikura eta 09:00etatik 14:00ra, zapatuetan.

Durangon erroldatuta banago, noiz erosi ahalko ditut? Ekainaren 1etik 14ra bitartean.

Eta Durangon erroldatuta ez banago? Deskontu bonoak erosi ditzaket? Bai, baina ekainaren 15etik aurrera.

Deskontu-bonoak erosteko baldintzak:

  • NAN eta kreditu txartel bakoitzeko bi bono erosi ahalko dira soilik.
  • Bonoak kreditu txartelarekin soilik ordaindu ahalko dira.
  • Erosketak 20,00 euro edo gehiagokoak izan behar dira. Ez da gastatu bako dirua
    bueltatuko.
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!