Durangoko Udalak ostalaritza-establezimenduetako terrazen tasak ez kobratzea erabaki du, horiek itxita egon diren bitartean. Gainera, deseskaladaren lehen fasearekin batera, ordenantza aldatuko du, "mahai eta aulkiengatik bakarrik kobra dadin, eta okupatutako metro koadro bakoitzeko", udal arduradunek ohar batean jakinarazi dutenez. Horrez gainera, kobrantza hori irailera arte atzeratuko dute. Tasa horretan atzeraeragina aplikatu ahal izateko, Foru Araua aldatzeko eskatuko diote Aldundiari.
Zaborren tasei dagokienez, itxierara behartuak izan ziren saltokiei jarduerarik gabeko lokal moduan kobratuko diete epe horretan; hau da, tasak legeak eskatzen duen gutxieneko mailara murriztuko dira. Udalak azaldu duenez, "legeak tasa horiek ez kobratzea eragozten du, eta, beraz, legezko gutxienekora jaistea erabaki da, ostalaritzan, batez beste, %90 murriztuta, adibidez". Gainera, tasa horiek ekainaren amaieratik abuztuaren hasierara kobratuko dira. Neurri horrek esan nahi du terraza %50 murriztu duen establezimendu batek proportzio berean murriztuko duela bere tasa.
Terrazak handitzea
Bestalde, ostalaritzako establezimenduetako terrazak handitzeko lanak banan-banan aztertzen hasi dira udal arduradunak, oharrean zehaztu dutenez. Horretarako, tabernetako kudeatzaileek sac@durango.eus helbide elektronikora bidali beharko dituzte euren eskaerak.
Eskaeran honako puntu hauek adierazi behar dira:
- Establezimenduaren izena.
- Deseskaladaren zein fasetan ireki nahi den.
- Zenbat mahai jarri nahi dituzten terrazako ohiko espaziotik kanpo.
+ Eremu bakoitzean dauden espazioak eta egungo mahai kopuruak mugatuko dute handitzea.
+ Ezin izango da inolaz ere luzatu aurreko lizentzian zeuden mahaien kopurua.
+ Eskaera jaso ondoren, Bulego Teknikoak terraza jartzeko plano bat proposatuko du, eta eskatzailearekin adosten saiatuko da.
+ Proposamen horrek eskatzailearen oniritzia izan beharko du.
- Proposamen horrek eskatzailearen oniritzia duenean, baimena emango da terrazen okupazioa handitzeko.
- Luzapena adostu ezin bada, eskaeran atzera egin ahal izango da, ordaintzen den egungo terrazen tasan aldaketarik eragin gabe.