Durangoko udal gobernu taldeak "positiboki" baloratu du oposizioarekin izandako bilera

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 7a, 16:29

Durangoko Udaleko gobernu taldeak bilera erronda bat hasi berri du herriko eragileekin. Suspertze plan bat ipini gura du martxan osasun krisiaren kalte sozioekonomikoei aurre egiteko. Gaur EAJko eta PSE-EEko kideekin batu da. Hurrengo egunetan elkarteekin eta gainontzeko eragileekin batuko dira. Bihar sindikatuekin batzekoak dira.

Udal gobernu taldeak "eskertu" egin du bileran zehar egondako "tonu adeitsua". "Konfrontazio politikoa" saihesteko "beharra" azpimarratu dute, "Durangoren etorkizunerako garrantzia berezia" duten egun hauetan. "Gure esku dago krisi honen ondorioz gehien sufritzen ari direnei laguntzea, eta, beraz,
elkarlanerako batasuna behar dugu", esan dute. Gobernu taldearen arabera, behin bilera erronda guztiak amaituta, horien ondorioak elkarbanatzeko gonbitea egin diete EAJri eta PSE-EEri.

"Durangar guztien onerako"

Durangoko EAJk lanerako prestutasuna agertu du bileran. "Durangoren alde eta durangar guztien onerako lan egiteko gure prestutasuna erakutsi dugu", adierazi du Mireia Elkoroiribe bozeramaileak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!