Durangoko Udalak 420.000 euro bideratuko ditu negozio txikietara eta familietara

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 6a, 14:06

Udalak iragarri du maiatzean Durango suspertzeko plana ipiniko duela martxan. Oposizioko kideekin batuko da hurrengo egunetan; baita herriko beste hainbat eragilerekin ere: elkarteekin eta hezkuntzako zein kulturako eragileekin, besteak beste. "Guztion artean berraktibatu behar dugu Durango. Durango bizia behar dugu, eta lan hori denok batera egin behar dugu" azaldu dute.

Durangoko Udalak herriko sektore guztiak aintzat hartuko dituen plan integral bat du eskuartean du. Herria suspertzeko plana dela azaldu du eta hurrengo egunetan zehar hasiko da garatzen herriko eragileekin batera. Horretarako bilera erronda bat hasiko dute. Udal gobernu taldeak esan du oposizioko talde politikoekin batuko dela asteon eta hurrengo egunetan herriko gainontzeko eragileekin batuko dela. Ekonomiari lotutako eragileak, elkarteak, hezkuntza arlokoak, kultura arlokoak eta auzoetako elkarteekin batuko dela aurreratu dute. "Ia bi hilabeteko konfinamenduaren ostean, guztion artean berraktibatu behar dugu Durango. Durango bizia behar dugu, eta lan hori denok batera egin behar dugu. Eszenatoki berrira egokitzeko eta berrasmatzen saiatzeko unea iritsi da", azaldu du gobernu taldeak.

Suspertze planaren barruan dagoeneko baieztatuta dauden neurriak:

Oraingoz planaren xehetasun guztiak azaltzerik izan ez duen arren, udalak aurreratu du dagoeneko baieztatuta dituela suspertze planerako neurri batzuk. Osasun eta ekonomia krisiaren ondorioz arazoak izan dituzten negozio txikiak eta familiak lagundu gura ditu eta 420.000 euro bideratuko ditu horientzat. "Durangoko Udalak herritarrei ziurtasunak eskaini nahi dizkie, mikroenpresen pertsona autonomoen edo Enpresa Txiki eta Ertainen errealitateei erantzunez, besteak beste". Udalak tokiko elkarte ehuna hartu gura du kontuan, "egungo krisiak ere eragin ez diezaion".

Suspertze plana maiatz honetarako prest izateko asmoa agertu du udalak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!