Umeentzako 11 'Txiki-ibilbide' proposatu ditu Durangoko Udalak, bihartik aurrerako egunetarako

Ekaitz Herrera 2020ko api. 25a, 12:00

Gehienez kilometro biko joan-etorria eskaintzen duten ibilbideak dira, kilometro bateko erradio mugaren barnean egin daitezkeenak. Ordu erdi inguruko iraupena eskaintzen dute gehienez

Bihartik aurrera Hego Euskal Herri osoko umeen konfinamendua apur bat arinduko dela eta, Durangoko Udalak herritik zehar ibiltzeko 11 'Txiki-ibilbide' proposatu ditu. Ibilbide horiek kilometro biko luzera dute gehienez, eta "20-30 minutu inguruko iraupena" eskaintzen dute. Udalaren arabera, Espainiako gobernuak bihartik aurrera baimendu duen "araudia betetzen dute". Honetaz gain, udalak gogora ekarri du txintxaunak eta jolasguneak zarratuta egongo direla osasun arrazoiengatik. Bestalde, "udaleko langileek eremu horietan paseatzea erabakitzen duten familiei" lagundu eta informazioa eskainiko dietela azaldu du.

Kalera irteten duten umeek eta horiei laguntzen dituzten helduek hainbat baldintza bete behar dituzte. ANBOTOk egindako gida honetan daude zehaztasunak. Bestalde, Gaindegiak egindako tresnak norbere etxetik kilometro batera arteko erradio eremua zein den erakusten du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!