Durangoko EAJk agerraldia egin du gaur udal gobernu taldearen kudeaketarekiko duen "kezka" azaltzeko. "Norabide eta plangintza faltagaz" kezkatuta agertu dira Mireia Elkoroiribe, Josune Escota eta Ainhoa Ortueta zinegotziak, eta, Ander Gorrotxategi Durangoko uri buru batzarreko lehendakaria.
2019ko urte bukaeran, orain arte egindako ibilbidearen balorazioa egin zuten EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. 2019rako adostutako lan-programaren %80 bete zutela azaldu zuten bertan. Horren aurrean, Mireia Elkoroiribe EAJren bozeramaileak esan du "gobernu taldeak promesa asko" egin, baina "aurrerapauso gutxi" egin dituela". "Ez da hobekuntzarik egon pediatrian, tren geltokiari buruzko kontsultan, airearen kalitateari buruzko foroan, Landako Erakustazokaren erabileran edo Merkatu plazarako proiektuan. Badakigu dena ezin dela 7 hilabetetan egin, baina kezkatzen gaitu helburu bat betetzat ematea, ezer aldatu ez den bilera bat eginez", esan du Elkoroiribek.
"Gardentasun falta"
EAJren iritziz, kontraesankorra da EH Bildu oraingo eta aurreko legegintzaldian izaten ari den komunikazio jarrera. "Aurreko gobernuarekiko gardentasunik ez zegoela errepikatzen urteak eman ondoren", 6 hilabete hauetan, "egoera larriagotu" egin dela esan dute. "Sarri, prentsaren bidez jakiten ditugu berriak" esan du Elkoroiribek. "Aurrekontu parte hartzaileen kasuan, adibidez, abenduan jakin genuen halakorik zegoenik, eta, irailetik hasi ziren horrekin", azaldu du Josune Escotak. Gaineratu dutenez, "duela zazpi hilabete argitzea eskatzen zuten hainbat informazio "argitu barik" daudela ere esan dute. Horren adibide modura ipini dituzte udal langile biren aurre-jubilazioari buruzko txostena eta datorren urtean Ondasun Higiezinen Zerga landu ahal izateko eskatutako txostena.
Aurrekontu parte hartzaileak
Aurrekontu parte hartzaileek "gastu inportante" bat eta herritarrenganako "engainu txiki bat" eragin dutela ere gaineratu dute. "Gobernu taldeak aldez aurretik proposatzen zituen neurriak balioztatzeko" balio izan dutela uste dute jeltzaleek.