2019rako adostutako neurrien %80 bete dituztela nabarmendu dute EHBilduk eta Herriaren Eskubideak, Durangon

Anboto 2020ko urt. 9a, 09:30

Sei hilabete pasa dira Durangoko Udalean gobernu aldaketa eman zela, eta urte erdi honen balorazioa egiteko agerraldia egin zuten, atzo, EHBilduk eta Herriaren Eskubideak taldeak. 2019rako adostutako lan-programa %80an bete dela azaldu zuten, eta bide horretan jarraituko dutela. Elkarlanean eta bizikidetzan sakonduz jarraitu gura dute lanean.

Ima Garrastatxu alkatearen berbetan, Durango berri bat eraikitzeko aukera eman die durangarrek: "bidezkoagoa, anitzagoa, euskaldunagoa, feministagoa, berdeagoa, garbiagoa eta inklusiboagoa ". Azaldu duenez, "40 urte eta gero gobernatzeko aukera bat eman digute, gardentasuna nahi dutelako, erabakietan parte hartu nahi dutelako, eta dekretu bidez gobernatzeaz nekatu direlkao". Bide beretik, Julian Rios alkateordeak esan du Durango berri horrek "elkartasuna, eskuzabaltasuna eta justizia soziala" izango dituela oinarri. "Durangarrak hobeto bizitzea delako gure helburua. Haien ongizatea da gure lehentasuna, inor bidean utzi gabe", argitu du. Lan hori denen artean egin behar dutela argitu du, nabarmenduz horretarako ekarpen guztiak direla onak eta beharrezkoak.

Tren geltokiaren inguruko herri galdeketa, pediatria zerbitzua eta airearen kalitatea aipatu dituzte udaletxean egindako agerraldian. Galdeketa udaberri amaieran egin gura dutela gogoratu dute eta pediatria zerbitzuaren gabeziak konpontzeko berriro batzartuko direla osasun arloko arduradunekin. Airearen kalitatearen foroa hurrengo asteotan elkartuko dela gaineratu dute, eta Landako Gunea herritarrei zabaltzeko neurriak hartu izan dituztela. Baserritarren mahaia martxan jartzeko konpromisoa bete dutela azaldu dute eta zebra bide berri bi jarriko direla datozen asteotan. Hainbat auzotan garatu beharreko proiektuak martxan direla ere adierazi dute.

Herritarrekin eta elkarteekin elkartzeko bideak zabaldu direla ere esan dute eta soldatak jaisteko hartutako konpromisoa ere bete zutela. Bete ezin izan dituzten neurrien artean daude Barne Ikuskaritza egitea eta kontu ematea gauzatzea. Horretarako beharrezkoa den denbora ez dutela izan arrazoitu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!