Datozen lau urteetarako "neurri zehatzak" jasoko dituen plangintza garatzen ari da Durangoko Udala

Ekaitz Herrera 2020ko urt. 16a, 11:13

Gobernu taldeak garatze fasean du plangintza. Otsailaren erdialdean aurkeztuko dute jendaurrean, herritarrekin batera egindako ekitaldi publikoan

"Datozen lau urteetarako neurri zehatzak jasoko dituen plangintza ari gara egiten, aurrera begirako oinarriak ezarriko dituena", azaldu du Ima Garrastatxu alkateak gaur egindako agerraldian. Durangoko Udaleko gobernu taldeak urte hasi berria baliatu du zerumugara begiratu eta hurrengo lau urteetan zabaltzen den denbora tartea proiektuz betetzen segitzeko. "Udal honek argi du zelan gobernatu gura duen", azpimarratu du.

Agerraldian Garrastatxugaz batera parte hartu dutenak Julian Rios alkateordea eta Ane Abanzabalegi zinegotzia izan dira. Oraindik lau urte horietan garatuko diren proiektuen zehaztasunik eman ez duten arren, ezaugarri orokor batzuk eman dituzte aditzera.  "Pertsona guztiak kontuan hartuko dituen proiektua dugu eskuartean, erdialdean bizi direnentzat zein auzoetan bizi direnentzat, nagusientzat zein txikientzat, berdin betiko durangarrentzat eta edozein arrazoirengatik gurera bizitzen etorri direnentzat", aurreratu du Riosek.

Abanzabalegik ere proiektuak barnebilduko dituen ezaugarrietako batzuk agertu ditu. "Airearen kalitatea, ingurumena, kaleen garbiketa, turismoa, aparkalekuen gaia edo herriko merkataritza" bezalako ildoak lantzen ari dira. Horregaz guztiagaz, bestalde, Durango "euskaldunago, feministago eta inklusiboago" bat garatzea gura luke gobernu taldeak.

Garrastatxuk "garrantzitsutzat" jo du orain arte egindako bide bera oinarri hartuta segituko dutela aurrerantzean ere. "Honaino nola heldu garen ikustea inportantea da. Herritarrekin, udal langileen ekarpenekin, gobernazio plan adostu batekin eta elkarteen ekarpenekin ailegatu gara hona", dio.

Hurrengo lau urteetarako proiektu definitiboa otsailaren erdialdean aurkeztea gura du udalak. Data eta toki zehatzik ez dute oraingoz, baina aurreratu dute herritarrekin eta elkarteekin batera aurkeztu gurako luketela. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!