Durangoko gobernuak bere liberatuak bikoiztu dituen arren, legealdian 366.000 euro aurreztuko ditu

Markel Onaindia 2019ko uzt. 8a, 21:37

Liberazioen inguruko polemika gaur argitu da Durangoko osoko bilkuran. EH Bilduren eta Herriaren Eskubidearen gobernu taldearen proposamena atera da aurrera.

Hauek dira xehetasun nagusiak:

Gobernu taldeak 6 liberatu:

-Ima Garrastatxu alkatea (47.000 euro urtean).

-Hiru sail nagusien presidenteak (Julian Rios, Iker Urkiza eta Aritz Bravo. 36.500 euro).

-Alderdi bakoitzeko liberatu bana (36.500 euro).

Oposizioan, alderdiko bana:

-EAJk bat (36.500 euro).

-PSE-EEk bat (36.500 euro).

 

Modu horretan, legealdi berrian 8 liberatu egongo dira udalean, aurrekoan baino bat gehiago. Gobernu taldeak bikoiztu egin du bere liberatuen kopurua, eta lan ardurarekin arrazoitu du Iker Urkizak. "Politikara etorri gara herriaren alde lan egiteko, ez aberasteko". Hala ere, liberazioen soldatak eta dietak murriztuta, legealdian 366.000 euro aurrezteko aurreikuspena egin du gobernuak, kontuhartzailearen datuak publikoki erakutsita. Urkizaren ustez, "soldata duinak eta errealitatera hurbiltzen direnak" dira ezarritakoak. Jorge Varelak (HE) esan du aurreztuko duten dirua "herriaren beharrizan sozialetarako" erabiliko dutela. Oposizioaren kritikei erantzunda, aipatu du "Durango baino heren bat txikiagoa" den Zornotzan 4 liberatu izango dituela EAJ eta PSE-EEren gobernuak, eta oposizioak bakarra.

Baina EAJ eta PSE-EE ez dira ados agertu proposamenagaz eta bakoitzak berea eraman du. Mireia Elkoroiribe jeltzalearen ustez gehiegizkoa da; liberazioen atalaren %76 gobernuaren esku egongo dela salatu du. Alkateaz aparte alkateorde bat liberatzea proposatu du, eta gero alderdien proportzionaltasuna kontuan hartuta 5 liberatu banatzea. Beraz, guztira 7.  Bestalde, liberatuen soldata murriztuak lanaldi erdia garatzea "ezinezko" bihurtzen duela kritikatu du, eta soldata bezala dietak ere Durangok eskatzen duen "erantzukizunaren arabera" ezartzea eskatu du. Batzordeko 55 euro izango dira, eta adibidetzat ipini du Atxondon 60 kobratuko dituztela, eta Eibarren 313 euro.

Jesica Ruiz sozialistak azaldu du "sasoi eta funtzioekin bat" datorrela liberatuen soldata, baina ez da ados egon gobernuaren banaketagaz. Gainera, dietak ere ez ditu begi onez ikusi, hiru batzorde bakarrik eta hilean batzar bana egitea aurreikusi delako, eta bere ustez horrek aparteko lana eskatuko duelako.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!