Durangoko gobernu taldearen soldata-kostua 45.358 euro garestituko dela kritikatu du EAJk

Jone Guenetxea 2019ko uzt. 2a, 14:39

Jeltzaleek diotenez, gobernuko taldeak egindako proposamenagaz 5 liberaziodun sistema batetik  8 liberazio dituen sistema batera pasatuko lirateke. Kostu totala 294.462 eurotatik 302.500 eurotara pasatuko dela kritikatu du EAJk. Gaurko osoko bilkuran eztabaidatuko dute udal antolaketa proposamena.

"Gobernu taldeak liberatutako kargudunak bikoiztu ditu, aurreko legealdian 3 izatetik oraingo 6 liberatutako kargundunen proposamenera (4 EH Bildu + 2 Herriaren Eskubidea), gobernu taldeko soldata-kostua 45.358 eurotan handituz eta honi dagokion gizarte segurantzako gastuarekin", diote jeltzaleek.

Jeltzaleek kritikatu dutenez, "proposatutako aurrezki bakarra oposizioaren ordainsariak murriztea eta egin beharreko batzordeen kopurua murriztea da, batzorde horien funtzionamendua eta jarduera oztopatuz eta beharrezkoa den oposizioko lanari trabak jarriz".

Jeltzaleek  4 informazio-batzorde sortzea proposatzen dute:

  • Antolaketa eta gobernantza: Ogasuna, Kontratazioa, GGBB, Zerbitzu orokorrak, Udaltzaingoa, Gobernu Irekia (Gardentasuna, partehartzea, kontu ematea)
  • Lurraldea: Hirigintza eta lanak, Mugikortasuna, Ingurugiroa, Hondakin kudeaketa eta Garapen Jasangarria.
  • Ekonomia sustapena: Ekonomia garapena, formakuntza, lana, merkataritza eta turismoa
  • Herritartasuna: Gizarte ekintza, Berdintasuna, Kultura, Jaiak, Euskara, Hezkuntza, Gazteria, Hirugarren Adina, Kirola eta Osasuna

 

Bestalde, EAJk gaurko bilkuraren deia egiteko estutasuna eta informazioa bidaltzeko atzerapena kritikatu ditu. 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!