Garrastatxuk %40 bajatuko du alkatearen soldata, 73.800 eurotik 47.000 eurora

Markel Onaindia 2019ko uzt. 1a, 13:42
Argazkia: Kepa Bordés

Aurreko legealdian Aitziber Irigorasek kobratzen zuena baino %40 gutxiago kobratuko du EH Bilduko alkateak. Aldundian zeukan lanpostuko soldata bera izango da. "Durangoren alde lan egin daiteke dedikazio eta errespetu osoz aurreko lanpostuan kobratzen nuen soldata bera mantenduz", esan du Garrastatxuk.

73.800 eurotik 47.000 eurotara bajatuko du soldata. Beraz, hilean 2.437 euro jasoko ditu alkate berriak. Durangoko alkatea, azken lau urtean estatuko 20 soldata altuenetakoa izatetik EUDELek  20.000 biztanletik gorako udalerrietarako ezartzen duen minimora pasako da. EH Bildu eta Herriaren Eskubideko gobernu taldeak gaur aurkeztu du proposamena bozeramaileen batzordean, eta biharko osoko bilkuran onartuko da.

425.000 euro aurreztuko dira legealdian
Ez da hori murrizketa bakarra izango. Liberatutako zinegotzientzako soldata 3.000 eurotik 2.000 eurora bajatuko dute. Udal batzordeak 7tik 3 izatera pasko dira, eta bertan parte hartzeagatiko dietak ere murriztuko dituzte. Guztira, legealdian 425.000 euro aurreztea aurreikusi dute.

Julian Rios alkateorde
Herritarrak, Antolaketa eta Lurraldea izango dira 3 batzorde nagusiak, eta Julian Rios, Iker Urkiza eta Aritz Bravo izango dira horien presidente. Gainera, Riosek hartuko du lehen alkateordearen ardura.

Gobernu taldeak bidalitako oharrean dioenez, batzordeen murrizketak helburu bi ditu. Batetik, udaleko arazoei ematen zaien "atentzioa eta herritarrekin izaten den harremana hobetzea". Bestetik, soldata, liberazio eta ordainsarietan aurreztea, "diru hau beste beharrizan sozial batzuetara bideratzeko". Hiru batzordeen eredua beste herri batzuetako ereduak ezagututa ezarri dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!