Julian Rios izango da Durangoko gobernu berriko lehen alkateordea

Anboto 2019ko uzt. 2a, 19:19

Legealdi berriko lehen osoko bilkura egin da gaur Durangon, eta tartean alkateordeen izendapenen berri eman du Ima Garrastatxu alkateak. Herriaren Eskubideko Julian Rios izango da lehen alkateordea, eta EH Bilduko Iker Urkiza eta Aritz Bravo bigarren eta hirugarren alkateorde, hurrenez hurren.

Udaleko batzorde berriak ere eratu dira. Nobedadea da hiru batzorde bakarrik egongo direla, printzipioz hilean behineko maiztasuna edukiko dutenak: Herritarrak, Antolaketa eta Lurraldea. Urkizak azaldu du “eraginkortasuna” lortu gura dutela horrela, eta ”herriaren hitza” entzuteko dinamika izango dutela. Riosen iritziz, “administrazioaren modernizazioa” ekarriko du. PSE-EEko Jesica Ruizen ustez “ez da nahikoa” hilean behineko hiru batzorde eratzea. EAJko Mireia Elkoroiribek ere lau batzorde eratzea proposatu du. Hala ere, Urkizak erantzun du “behar izanez gero” batzar gehiago egingo dituztela.

Liberazioena, atzeratuta

Liberazioen proposamenen harira prentsa bidez polemika sortu ostean, azkenean uztailaren 8ko osoko bilkurara atzeratu dute gaia, bozeramaileen batzordean erabakita. EAJk eskatu du atzerapena, proposamenak aztertzeko “denbora falta” izatea ohartarazita. Udal gobernuaren jarrera eskertu du Elkoroiribek, eta hurrengo aldietan informazioa lehenago helaraztea eskatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!